Europa Liga
Athleticek mendean hartu du Marseilla, Adurizen gol ikusgarriari esker
Agentziak | Erredakzioa
Zuri-gorriak hobeak izan dira bigarren zatian, lehenengo 45 minutuetan bi taldeak indarrak neurtzen ibili ondoren. Beñatek ezingo du itzulerako partida jokatu, txartelak pilatu baititu.
Aritz Adurizen gol ikusgarriak garaipena eman dio Athletici Marseillako Velodrome futbol zelaian. Zuri-gorriak 0 eta 1 gailendu zaizkio Marseillari, eta dena alde dute datorren astean San Mamesen jokatuko den itzulerako partidan final-zortzirenetarako txartela lortzeko.
Aurrelari donostiarrak argi utzi du, berriro ere, sasoiko dagoela, eta, partida motel zihoanean, urrutitik bolea ikusgarria jaurti du eta baloia frantziarren atean sartu du, zale zuri-gorrien gozamenerako.
Golak ordura arteko joko korapilotsua askatzea lortu du, bi entrenatzaileentzat garrantzi bera baitu gola egitea eta golik ez jasotzea, eta horretarako diseinatu dituzte euren estrategiak.
Zelai erdiko presio itogarriak, atzeko lerroen lan zorrotzak eta estrategia hutsak ez dute joko bertikalik ekarri. Guztiz alderantzizkoa gertatu da. Baloia bi areetatik urruti erabili dute. Marseilla jo eta su saiatu da; Athletic, aldiz, nahiko lasai aritu da, kanporaketako itzulerako partida San Mamesen jokatuko baita.
Ondorioz, lehen zatian ia ez da gol aukerarik izan. Athletic ondo aritu da, baina ezer gutxi eginda, eta Marseillari nortasuna falta izan zaio.
Atsedenaldiaren ostean, partida ireki egin da, eta Williamsek arriskua sortu du frantziarren arean.
Aduriz, ikusgarri
Gauzak goitik behera aldatu dira 54. minutuan. Herrerinek baloia atera du, Merinok galdu, eta Adurizi iritsi zaio, goitik. Birritan pentsatu gabe, zuzenean jo du, boleaz, eta baloi loratua Mandandaren atean sartu da. Gol ikusgarria izan da.
Aurrelariak Europa Ligan egin duen zazpigarren gola da, denboraldi honetako hogeita seigarrena.
Athleticek, beraz, gol bateko abantailarekin ekingo dio San Mamesen itzulerako partidari. Beñatek ezingo du jokatu, bosgarren txartel horia atera baitiote.
Fitxa teknikoa:
0 - Marseilla: Mandanda; Isla, Nkoulou, Rolando, Javi Manquillo; Romao, Diarra; Alessandrini (Batshuayi, 59. min), Barrada (Thauvin, 59. min), N'Koudou (Sarr, 83. min); Fletcher
1 - Athletic: Herrerín; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San José, Eraso (Mikel Rico, 58. min), Beñat (Elustondo, 91. min); Williams, Aduriz, Merino (Bóveda, 75. min)
Golak: 0-1, 54. min: Aduriz
54. min: Aduriz