Astelehenean, 21:00etan
Athletic-Racing: Garaipenak bakarrik balio du
Haritz Gallastegi
Lezama
Liga barruan dauden borroka ezberdinak hasi dira erabakitzen. Eta, beraz, hemendik aurrera ezin da huts egin.
Hamar jardunaldi falta dira 2009-10 denboraldia amaitzeko. Hamar partida besterik ez. Liga hasi da, beraz, erabakitzen. Talde bakoitzak argi dauka egun zein helburu duen. Athleticena Europarako txartela eskuratzea da. Eta, horretarako, ezin da huts egin. Etxeko partidetan ezin da oparirik egin. Zer esanik ez etxetik kanpo ia lau hilabate irabazi dagoen talde batek.
Caparrosen taldea behartuta dago garaipena eskuratzera. Horrek ez du esan gura, ordea, itsu-itsuan eta antsietatearekin zelairatu behar denik. Ez dauka horren beharrik. Txarto egingo luke gainera. Izan ere, Racing zain egongo baita. Santanderreko taldea gustura aritzen da kontraerasoan. Jokalari aproposak ditu horretarako. Horregatik jokatzen du erosoago etxetik kanpo zaleen aurrean baino.
Fernando Amorebieta eta Iñigo Diaz de Zerio dira deialdiko berritasunak. Iurretako jokalaria hasierako hamaikakora bueltatuko da partida bateko zigorra bete ostean. Ustaritzen partez arituko da. Gainerakoan ez da berritasunik aurreikusten.
Athletic: iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Castillo; Gurpegi, Javi Martinez, Iturraspe, Gabilondo; Toquero eta Llorente.
San Mames
21:00
Velasco Carballo