Itxi

3-1

Athleticen partida ona eta garaipena Betisen aurka

Erredakzioa

Zuri-gorriek 3-1 irabazi dute San Mamesen Sabin Merinoren (bi gol) eta Mikel Ricoren golekin. Orain, talde bizkaitarrak sei puntura du Txapeldunen Ligako postuetan dagoen Vila-real.

Athleticeko jokalariak Sabin Merinoren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Betisen aurka (3-1) San Mamesen. Zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan dira hasieratik amaieraraino eta hiru puntu hauei esker, aldeak murriztu dituzte laugarren postuan (Txapeldunen Ligako postuak) dagoen Vila-realekiko.

Partida erritmo motelarekin hasi da, eta oso abagune gutxi izan dira lehen zatian. Hasierako 45 minutuak nahiko astunak izan dira. Athletic izan da baloiaren jabe lehen minututik, baina zuri-gorriek ez dute abagune argirik sortzea lortu. Gainera, partidako lehen abagune argia Betisek izan du; Muniainek kale egin du baloia ateratzerakoan, Petrosek baloia jaso, erdiraketa ona jarri eta Ruben Castroren errematea oso gutxigatik kanpora joan da. Lehen zatiko azken minutuetan Athletic erasokorrago ibili da, eta 34. minutuan gola sartzea lortu du. San Josek pase bikaina eman dio Sabin Merinori eta honek ez du Adanen aurrean barkatu (1-0). Golak indarra eman dio Athletici eta Betis lur jota utzi du. Ondorioz, Athleticek abantaila areagotu du, Mikel Ricoren bitartez. Arrigorriako jokalariak baloia area barruan jaso eta boleaz 2-0koa sartu du.

Bigarren zatirako ia dena erabakita egon da, baina badaezpada Athleticeko jokalariak erne zelairatu dira. Valverdek zuzentzen duen taldea sendo atera da berdegunera eta ez dio Betisi partidan sartzeko aukerarik eman. Sabin Merinok 3-0ekoa sartu du, 50. minutuan, eta partida erabakita utzi du. Mikel Ricoren jaurtiketa indartsua Adanek desbieratu eta Merinok sare barrura bidali du aldaratzea.

Hirugarren gola sartu ostean, Athleticek gol gehiago sartzeko abaguneak izan ditu, baina ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu. Argiena, 66. minutuan izan dute zuri-gorriek; Adurizek jokaldi bikaina egin, pasea atzera eman eta Muniainek indarge bidali du baloia Adan atezainaren eskuetara. Betisek ezer gutxi egin du partida osoan zehar eta 83. minutuan izan du aldeak murrizteko aukera; Ruben Castrok, ordea, zutoinera bidali du baloia Iraizozekin izan duen buruz-burukoan. Hurrengo jokaldian etorri da andaluziarren gola. Betisek kornerra atera eta Ruben Castrok 3-1ekoa egin du, 84. minutuan. Ordutik aurrera ez da gehiagorako denborarik egon eta hiru puntuak Athleticek lortu ditu.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic Club: Iraizoz; Boveda, Gurpegui, Laporte (Etxeita, 80. min), Lekue; San Jose, Mikel Rico; Susaeta, Raul Garcia (Aduriz, 63. min), Muniain (Elustondo, 67. min); eta Sabin Merino.

1 - Real Betis Balompie: Adán; Molinero (Cejudo, m.80), Pezella, Bruno, Montoya; Joaquín, N'Diaye, Petros (Fabián, m.51), Musonda; Jorge Molina (Ceballos, m.51) y Rubén Castro.

Golak: 1-0, 34. min: Sabin Merino. 2-0, 43. min: Mikel Rico. 3-0, 50. min: Sabin Merino. 3-1, 85. min: Ruben Castro.

Epailea: Jaime Latre.

g> Jaime Latre.

Albisteak (3)