Itxi

Europako postuetatik kanpo

Athletic-Zaragoza (0-0): Berdinketa eskasa, San Mamesen

Josu Bilbao

Erredazkioa

Caparrosen mutilek ezin izan dute Jose Aurelio Gayren taldea gainditu, nahiz eta partida eramateko aukera anitz izan dituzten. Iraolak ezin izango du Osasunaren aurka jokatu txartelen pilatzeagatik.

Talde bizkaitarrak ezin izan du zaragozako defentsa gainditu eta nahiz eta aukera garbiak eduki dituzten Llorentek eta De Marcosek, amaierako emaitza 0-0ekoa izan da. Jose Aurelio Gayren taldea berdinketarekin konformatu egin da eta atzean ondo kokatuta mantendu dira bigarren zatian. Horrela, Athletic europar postuetatik kanpo gelditzen da, Vila-realekin 49 puntura berdinduta.

Zuri-gorriek etxean erakutsitako ohiko txispa gabe hasi zuten partida, Fernando Llorenteri baloi gehiegi airez bidaliz. Susaeta eta De Marcos ederki mugitzen hasi ziren erasoan haien postuak etengabe aldatuz baina lehen abagunea aurrelari errioxarrarentzat izan zen. Llorentek, ordea, ez zuen asmatu hiru zutoinen artean baloia bideratzen. Zaragoza norgehiagokari bere erritmoa jartzen saiatu zen zelai-erdian baloiaren jabetza mantenduz eta Ander Herrera gaztea erasogune osotik mugitzen zelarik. Hala ere, Gorka Iraizozek ez zuen ia parte hartu behar izan lehen zati osoan. Kanpokoentzat aukera onena korner baten ostean heldu zen, baina Suazok eskuarekin kontrolatu zuen baloia falta eginez.

Bilbokoentzat lehen zatiko aukera onena 26. minutuan heldu zen. De Marcosek hasitako kontraerasoa, Laguardiako gazteak berak amaitu zuen, baina Roberto atezainak geldiketa paregabe bat egin zuen esku bakarrarekin. Zaragoza partidaren kontrolarekin egin zen atsedenaldiaren aurreko minutuetan eta bi taldeak, markagailuan 0-0ekoarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian, Athleticek, markagailuan aurreratzeko aukerak sortzen jarraitu zuen baina Roberto atezainak eta aurrelarien azertu faltak ez zuen gola heltzea utzi. Bazirudien Zaragoza berdinketarekin konformatzen zela eta nahiz eta Caparrosen taldeak bere area sartu zuen kanpoko taldea, aragoiko taldearen defentsa oso fin ibili zen.

Llorentek aukera pare bat izan zituen 1-0ekoa jartzeko baina bere burukada eta ondorengo zartakoa ezerezean gelditu ziren. Yeste zelairatu zenean, taldeak baloiaren jabetza osoa izan zuen baina erasoko akzioak azkarregieak izan ziren. Azkenean, golik gabeko berdinketa San Mamasen, eta zuri-gorriek europar postuetatik at gelditu dira nahiz eta Vila-realekin 49 puntura berdinduta egon.

- Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Castillo; Susaeta, Gurpegui (Muniain, min.69), Javi Martinez, Gabilondo (Yeste, min.60); De Marcos (De Cerio, min.78) eta Llorente.

Real Zaragoza: Roberto; Ponzio, Pablo Amo, Jarosik, Paredes; Edmilson, Abel Aguilar (Obradovic, min.75); Gabi, Herrera (Pulido, min.90), Eliseu; eta Suazo (Colunga, min.82).