Gaur egun, kanpo dira
San Jose (Athletic): "Europatik kanpo egotea mingarria da"
Haritz Gallastegi
Lezama
Zaragozaren aurka berdinketa baino gehiago merezi izan zutela uste dute zuri-gorriek. Yestek minduta dauka ezker belauna eta ez da entrenatu.
Beti ezin da irabazi. Lehenago edo beranduago huts egiten da. Athleticek Zaragozaren aurka egin zuen kale. Zaleen aurrean indartsu agertu arren, erakutsitako jokoari etekina ateratzea falta izan zitzaion. Bigarren itzulian etxetik kanpo erakutsitako gabezia berbera erakutsi zuen aspaldiko partez etxean. Eraginkortsuna falta izan zitzaion taldeari. "Bolada kontua da", esan du San Josek.
Kontua da Athleticek ezin izan zuela garaipena eskuratu. Eta puntu bat ez da nahikoa izan seigarren postuari eusteko. "Europako postuetatik kanpo egoteak min eman digu. Gurputz txarra daukagu", azpimarratu du atzelari nafarrak.
Baina gaurtik aurrera hurrengo jardunaldia prestatzen hasi behar da talde zuri-gorria. Athleticeko jokalarien iritziz Osasunak eginak ditu dagoenako etxeko lanak, baina ez dute uste horrek garaipen goserik kenduko dienik. "Nafarra naiz eta neurketa berezia izango da. Osasuna oso motibatuta zelairatuko dela uste dut".
Lan saioari dagokionez, Yeste izan da albiste. Basauritarrak min hartu zuen atzoko partidan ezker belaunean eta atseden hartu beharko du. Toquero ere ez da berdegunean agertu.