Toquero ez da entrenatu
Llorente (Osasuna-Athletic): "Gure aurkariek ez dute huts egingo"
Haritz Gallastegi
Lezama
Nafarroako Erresuman Athleticen kontrako giro beroa espero du aurrelari zuri-gorriak. Toquero gaur ere ez da entrenatu taldearekin.
Bost jardunaldi falta dira denboraldia amaitzeko. Eta, jada, Athletici amaitu zaio akatsak egiteko tartea. Lau hilabete etxetik kanpo irabazi ezinik egoteak dakarren zama da. Atzetik zetozen taldeak harrapatu dute talde zuri-gorria eta orain ezinbestekoa izango da puntu asko irabaztea. Jokalariek ere argi dute puntu asko eskuratu beharko dituztela sei onenen artean sailkatzeko. "Badakigu goian dauden taldeek ez dutela huts handirik egingo. Vila-Realek egiten dituen akatsen arabera egongo da guztia", esan du Fernando Llorentek.
Aurrelari errioxarrak ez du golik egin azken bi jardunaldietan. Ez da kezkatzeko moduko lehortea, eta berak ere ez dio aparteko garrantziarik eman gura izan. "Nik taldearentzat egiten dut lan. Laster egingo dut beste gol bat, baina ez da ezer gertatuko taldekide batek egiten badu", adierazi du.
Aurrelari errioxarra mutil gaztea da, bain dagoeneko derbi asko jokatzeko aukera izan du. Horrenbestez, badaki zer aurkituko duen Nafarroako Erresuman. "Iruñean beti aurkitzen dugu kontrako giroa. Osasuna egoera gaitzean dago eta, beraz, bi taldeontzat dira garrantzitsuak jokoan dauden puntuak. Neurketa parekatua aurreikusten dut".
Fernando Amorebietak ere argi dauka kontzentrattua jokatu beharko dutela hiru puntuekin bueltatzeko. "Osasunako zaleek asko presionatzen dute. Erlaxatuta zelairatzen bagara asko kostatuko zaigu emaitza ona eskuratzea".
Bestalde, Gaizka Toquerok gaur ere ez du parte hartu lan saioan eta, beraz, badirudi ez duela derbia jokatuko.