Itxi

Joko eskasa

Osasuna-Athletic (0-0): Derbi kaskarra Reyno de Navarran

Sara Lavado

Erredakzioa

Toquerok 0-1ekoa sartzeko aukera paregabea izan du luzapenean, baina Ricardok zuri-gorrien garaipena saihestu du. Berdinketa izan da justuena.

Merezitako puntu banaketa Osasuna eta Athleticen artean Reyno de Navarra futbol-zelaian jokatutako derbian. Partida kaskarra eta emoziorik ez.

Oso taktikoa izan da lehen zatia. Erritmo handia, baloiaren jabetza %50ekoa izan da, baina jokoa eskasegia. Juanfranen erdiraketa arriskutsua 28. minutuan eta Llorenteren erremate bi (29. eta 37.ean) izan da aipagarriena.

Gorritxoak zein zuri-gorriak ondo aritu dira atzean (Sergio nabarmendu behar da), baina erasoan ez dira emozioa sortzeko gai izan, ez da derbi bateko ohiko zirrara nabaritu. Teixeira Vitienes epailea ere lasai aritu da.

Markel Susaetaren zelairatzeak bizitasuna eman dio Bilboko taldeari bigarren zatian. Berea izan da, 57. minutuan, norgehiagokaren abagune argienetako bat, baina ezin izan du aprobetxatu eta bere jaurtiketa Ricardoren eskuetara joan da. 64.ean gutxigatik ez da Yeste iritsi Iturrasperen erdiraketa batera. Toquerok 0-1ekoa sartzeko aukera paregabea izan du luzapenean, baina Ricardok zuri-gorrien garaipena saihestu du.

Berdinketa izan da justuena. Athleticek Europarako txartela eskuratzeko lehian jarraituko du, Osasunarentzat positiboagoa da puntua.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Ricardo; Azpilicueta, Roversio, Sergio, Echaide (Oier, 77''); Juanfran, Puñal, Ruper (Vadocz, 83''), Camuñas; Pandiani eta Aranda (Masoud, 67'').

0 - Athletic Club: Iraizoz; Ustaritz, San Jose, Amorebieta, Koikili; Gurpegui (Susaeta, 56''), Iturraspe, Javi Martinez, Yeste (Gabilondo, 89''); Toquero eta Llorente (Muniain, 84'').