Santiago Bernabeu zelaian
Real Madril-Athletic (5-1): Zuri-gorrien porrot gogorra
Josu Bilbao
Erredakzioa
Partida, lehen zatiko 19. minutuan, Amorebietaren zalantzazko kanporatzeak erabaki du. Bigarren zatian Caparrosen mutilek ezin izan dute zurien erasoa eutsi.
Talde bilbotarrak esku bete gol eraman ditu Madriletik (5-1), nahiz eta lehen zati ona egin. Athleticek ia partida osoa hamar jokalarirekin jokatu behar izan du Amorebietak txartel gorria ikusi duelako norgehiagokaren 19. minutuan. Bizkaitarren gola Yestek egin du eta zurientzako, Cristiano Ronaldok, Higuainek, Sergio Ramosek, Benzemak eta Marcelok egin dituzte golak.
Zuri-gorriek beldurrik gabe hasi zuten partida, erasoan. Norgehiagokaren lehen minutuan, Yeste falta bat atera zuen eta Toqueroren burukada Casillasek gelditu zuen, baina gutxigatik ez zuen Athleticek Madrid ezustean hartu. Caparrosen mutilek ondo kokatu ziren zelaian baina zurien erasoaldiak etortzen hasi ziren. Cristiano Ronaldok bosgarren minutuan jaurtiketa egin zuen baina Iraizozek bi alditan harrapatu zuen baloia.
Lehen zatiko 19. minutuan, partida erabakiko zuen jokaldia etorri zen, Muñiz Fernandez epaileak Amorebieta kanporatu baitzuen area bornean eskuarekin jo zuelako baloia. Eskua argia izan zen baina txartel gorria gehiegizkoa izan zen Iurretako atzelariarentzat eta Athletic hamar jokalarirekin gelditu zen. Cristiano Ronaldok penaltia jaurti egin zuen eta 1-0 jarri zuen markagailuan.
Hamar jokalarirekin, bilbotarrak atzera joan ziren zelaian eta kontraerasoa bilatu zuten. Yeste aukera pare bat izan zituen norgehiagoka berdintzeko baina Casillas eta defentsa amdrildarra adi egon ziren. 39. minutuan, Basauriko erdilariak jokaldi bikaina egin zuen 5 jokalari zuri atzean utziz eta bere hanka onarekin 1-1ekoa jarri zuen Athleticentzat. Atsedenaldira, Caparrosen mutilak berdinketarekin joan ziren, eta nahiz eta hamar jokalarirekin jokatzen egon, irudi ona erakutsiz.
Bigarren zatian, etxekoek asko sakatu zuten goikaldean eta Athletic bere area bornean sartzea lortu zuten. Pellegriniren taldeak aukera onak izan zituen markagailuan aurre hartzeko, nagusia zutoinean eman zuen Graneroren jaurtiketa bat izan zelarik. 72. minutuan, Real Madrilen bigarren gola heldu zen korner baten ondoren Higuianek burukadaz baloia sare barrura bidali baitzuen. Bizkaitarrak nekea somatzen hasi ziren eta etxekoek emaitza handitu nahi zuten. 79. minutuan Sergio Ramosek hirugarren gola egin zuen, jokaldi pertsonal batean, baloia Athleticen defentsan eman ondoren. Bi minutu geroago, Benzema frantziarrak lortu zuen laugarren gola Kakaren pase on baten ondoren eta zuri-gorriak merezi ez zuten porrota eramaten hasi ziren. Marcelok azken 5-1ekoa egin zuen 88. minutuan Gurpegiren huts baten ostean. Horrela, Caparrosen mutilek esku bete bat gol eraman dute Bernabeutik, lehen zatiko 19.minutuan Amorebietaren kanporatzeagatik baldintzaturik gelditu zen partida batean. Madrilek oraindik liga irabazteko aukera du.
. Fitxa teknikoa:
5 - Real Madril: Iker Casillas; Arbeloa, Sergio Ramos, Raúl Albiol, Marcelo; Gago (Kaká, m.46), Xabi Alonso, Granero (Benzema, m.66); Guti; Cristiano Ronaldo eta Higuaín (Mahamadou Diarra, m.82).
1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San José, Amorebieta, Koikili; Gurpegui, Javi Martínez, Iturraspe, Yeste (Gabilondo, m.64), De Marcos (Susaeta, m.53); eta Toquero (Llorente, m.73).
Golak: 1-0, m.21: Cristiano Ronaldok penaltiz. 1-1, m.39: Yeste. 2-1, m.73: Higuaín. 3-1, m.79: Sergio Ramos. 4-1, m.81: Benzema. 5-1, m.88: Marcelo.