Itxi

Zazpi talde

5 milioi arteko isuna eskatu du Europak Athletic eta Osasunarentzat

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Europako Batzordeak legez kontrako ustezko laguntza publikoak itzultzeko eskatu die zazpi futbol talderi.

Legez kontrako diru laguntza publikoak itzultzeko eskatu die Europako Batzordeak Athletici, Osasunari eta beste bost futbol talderi. Bi euskal taldeez gain, tartean daude Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Hercules eta Elx.

Europako Batzordeak hiru ikerketa ireki zituen aipaturiko zazpi taldeek Estatuaren legez kontrako laguntzak jaso ote zituzten argitzeko. Ikerketaren ostean Europak ebatzi du zazpi talde horiek beste talde batzuek ez dituzten "onurak" jaso dituztela eta, beraz, Estatuko diru laguntzei buruz Europar Batasunak dituen arauak urratu dituztela.

Athletic, Osasuna, Bartzelona eta Real Madril taldeek 5 milioi euro arteko isuna ordaindu beharko dute zerga abantailak izateagatik.

Real Madrilen kasuan, Europak 18,4 milioi euro itzultzea eskatu dio talde madrildarrari bere instalazioak eraikitzeko lurren trukean iruzurra egin zuela leporatuta.

Bestalde, Valentzia, Hercules eta Elx taldeei 20,4 milioi, 6,1 milioi eta 3,7 milioi euro eskatu dizkie Valentziako Finantza Institutuak hiru talde horiei emandako abalak tarteko.

Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak azaldu duenez, "zergadunen dirua futbol talde profesionalak finantzatzeko erabiltzeak lehia faltsutu dezake". "Futbol profesionalean diru asko dago jokoan. Diru funtsa publikoek lehia zintzorako arauak bete behar dituzte eta kasu honetan ikertutako diru laguntzen ez zituzten bete", gaineratu du.

Athleticek dio bete egin duela legea

Athletic Clubek adierazi du ez duela zergarik "ordaindu gabe", Europako Batzordeak legez kanpoko laguntza publikoak jasotzea egotzi ostean.

Klub zurigorriak prentsa ohar bat publikatu du, eta, horretan, gogorarazi du "irabazi asmorik gabeko kirol elkartea" dela, eta, horren arabera, "ordaindu egin dituela zergen arloko betebeharrak". "Bete egin dugu legedia beti", gaineratu du.

"Athleticen kasuan, ez du zergarik ordaindu gabe; horregatik [Bruselaren] erabakiak ez du ondoriorik zergen likidazioan", azaldu dute talde bilbotarrean.

Klubaren esanetan, Europako Batzordeak ez dio ezer jakinarazi "ofizialki", eta, egin ostean, "aztertu" egingo du idatziaren edukia, hurrengo pausoak erabakitzeko.

Aldundiak araua aldatuko du

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak futbol taldeen zerga tratamenduari buruzko foru araua Europako araudira moldatuko du .

Foru Diputazioko iturriek azaldu dutenez, Aldundiak 4 hilabeteko epea izango du foru araua Europako araudira moldatzeko eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.

Bizkaiko Diputazioak zehaztu du oraindik ez duela Europako Batzordearen erabakiari buruzko ebazpena jaso eta, beraz, azaldu du ez duela baloraziorik egingo jakinarazpena jaso eta gaia aztertu arte.

Diputazioak dirua itzultzeko Athletici eskaera egingo ote dion galdetuta, Aldundiak nabarmendu du ez duela erabakirik hartuko harik eta ebazpena "zehatz-mehatz" aztertu arte.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)