Aurkezpenean
San Jose: "Athleticen jokatzea ikaragarria da"
Haritz Gallastegi
Lezama
Athleticeko erdiko atzelaria oso pozik agertu da talde zuri-gorrian jarraituko duelako. Klubak 2,74 milioi euro ordaindu dizkio Liverpooli.
Orain ona eta etorkizun bikaina duen futbolaria fitxatu du Athleticek. Mikel San Josek 2015. denboraldira arte jokatuko du Athleticen. Horretarako, talde zuri-gorriak 2,74 milioi euro ordaindu dizkio Liverpooli. Ahaleginak merezi izan duela uste du Fernando Garcia Macuak. "Jokalari langilea eta konpromiso handikoa da", esan du Athleticeko presidenteak.
Zuzendaritzako kideak gustura agertu dira. Jokalaria, berriz, pozez gainezka dago. "Athleticen jokatzea ikaragarria da, sinestezina. Amets bat da", adierazi du. Athleticek atzo eman zuen akordioaren berri, baina Liverpoolek, Athleticek eta jokalariak aspalditik zuten hitzarttua konpromisoa. Horregatik, lasai egon da jokalaria. "Ez naiz urduri egon, baina sinatzeko gogoa neukan. Orain arte asko gozatu dut eta gehiago gozatzea espero dut".
Yesteren gainean notiziarik ez
Epe labur eta ertainean lehiakorra izango den taldea osatzen ari da Athletic. Talde gaztea eta dohatsua. Hala ere, zuzendaritzak badauka konpondu beharrekoa kontu bat. Fran Yesteren etorkizuna, hain zuzen ere. Presidenteak ez du basauritarraren gainean berba egiterik nahi izan. "Frani zor zaioen errespetuagatik, eta batez ere, Mikelengatik, gaur ez da une egokia horren inguruan mintzatzeko. Zerbait erabakitzen dugunean jakinaraziko dizuegu".