Europa Liga
Ahazteko moduko partida egin du Athleticek Sassuolon (3-0)
eitb.eus
Zuri-gorriek neurketa oso txarra jokatu dute, aurkariari opari ugari eginez. Lirola, Defrel eta Politano izan dira italiarren golegileak.
Athleticek porrot nabarmena hartu du Sassuoloren estadioan, 3-0, Europa Ligako multzoen faseko lehen jardunaldian. Bilbotarrek garesti ordaindu dituzte defentsan egindako hutsak.
Zuri-gorriek baloiaren jabetza izan dute, baina ausardia falta izan zaie, eta italiarrek, aldiz, nahikoa izan dute izandako aukerak aprobetxatzearekin.
Pol Lirola kataluniarra, Gregoire Defrel frantziarra eta Matteo Politano izan dira golegileak.
Italiarrek ondo itxi dituzte zulo guztiak lehen zatian, eta Athleticen opariei etekina atera diete bigarrenean, hiru goleko errenta polita lortu arte.
Golak, bigarren zatian
Lehen minutuetan zerbait sufritu duen arren, Sassuolo markagailuan aurretik jarri da Pol Lirolak 60. minutuan egindako golari esker. Jokalari kataluniarrak jokaldi polita egin du, Athleticeko jokalariak atzean utziz.
75. minutuan, San Josek huts egin du area inguruan pase bat ematerakoan, eta Defrel frantziarrak egoera aprobetxatu du bigarrena sartzeko.
Zazpi minutu geroago, aldea handitu du etxeko taldeak, Matteo Politanoren golari esker.
Fitxa teknikoa:
3 - Sassuolo: Consigli; Lirola, Cannavaro, Acerbi, Letschert; Biondini, Mazzitelli (Duncan, 74. min), Magnanelli; Politano, Ricci (Ragusa, 54. min), Defrel.
0 - Athletic: Herrerín; De Marcos, Laporte, Yeray, Balenziaga (Lekue); San José, Beñat, Williams (Aduritz, 54. min), Merino, Raúl García; Muniain (Susaeta, 54 . min).
Golak: 1-0: Lirola (60. min); 2-0: Defrel (75. min); 3-0: Politano (82. min).
F MULTZOA
Emaitzak:
Sassuolo 3 - Athletic Club 0
Rapid Viena 3 - Genk 2
Sailkapena
===========================
.1. Sassuolo 3 puntu
.2. Rapid Viena 3 puntu
.3. Genk 0 puntu
.4. Athletic Club 0 puntu