2-1, Malagaren aurka
Athleticek porrota jaso du minutu bakarrean bi gol hartuta
Erredakzioa
Adurizek sartu du 0-1ekoa, baina 37. minutuan Balenziagak txartel gorria ikusi du, eta zuri-gorriak jokalari bat gutxiagorekin geratu dira. Sandrok 81. minutuan eta Dudak 82.ean, emaitza irauli dute.
Athleticek porrot mingarria jaso du Malagaren aurka Rosaledan (2-1). Markagailuan aurrea hartu du Bizkaiko taldeak, baina lehen zatiaren amaieratik jokalari bat gitxiagorekin jokatu behar izan du, eta minutu bakarrean Malagak emaitza irauli du bi gol sartuta.
Talde zuri-gorriak oso ondo ekin dio norgehiagokari. Erritmoarekin, bizi eta aurkariaren baloi irteera oztopatzeko presio ona egin du Valverdek zuzentzen duen taldeak lehen minutuetan eta bigarren minutuan aurrea hartu du markagailuan: De Marcosek pase luzea eman dio Adurizi eta honek 0-1ekoa sartu du Kameni gaindituta. Gola sartu ostean, lehia parekatu egin da. Malagak bi abagune izan ditu; Chory Castrok jokaldi ona egin du hegaltik, baina Charlesek kanpora bidali du errematea eta Juanpik area kanpotik egindako jaurtiketa ere kanpora joan da. Ondoren, Iñaki Williamsek Athleticen bigarren gola sartzeko abagunea izan du, baina Kameniren aurrean bakarrik geratu denean, izkin egin nahi izan dio, eta Malagako atezainak aise lapurtu dio baloia. Bizkaiko taldeak kontrolpean izan du partida lehen zatian, baina 37. minutuan maldan gora jarri zaio: Rosalesek sarrera bortitza egin dio Balenziagari, jokalari gipuzkoarrak lurretik ostikoa eman eta txartel gorria ikusi du. Rosalesek ere txartel gorria ikusi behar zuen, baina epaileak txartel horia atera dio.
Bigarren zatiari jokalari bat gutxiagorekin ekin dio Athleticek eta gogotik lan egin behar izan du talde zuri-gorriak Malagaren erasoak geratzeko. Rosalesek abagune bikaina izan du 50. minutuan, baina bere jaurtiketa kanpora joan da zutoina urratuta. Etxeko taldeak erasora jo du bigarren zatian eta En-Nasyrik abagune argi bi huts egin ditu. Athletic larri ibili da une batzuetan, baina ondo eusten ibili da. 81. minutuan, ordea, defentsek kale egin dute markaketan eta Sandrok banakoa sartu du (1-1). Gola hartu ostean Athleticek kontzentrazioa galdu du, eta Malagak emaitzari buelta eman dio, hurrengo minutuan 2-1ekoa sartuta. Duda izan da golegilea. Valverdek ez du aldaketekin asmatu eta taldea behera etorri da azken txanpan. 93. minutuan Malagako Bakari Kone jokalariak bigarren txartel horia ikusi eta egotzia izan da, baina Athletici ez dio berdinketa lortzeko denborarik eman.
Fitxa teknikoa:
2 - Malaga CF: Kameni; Rosales, Llorente (En Nesyri, m.46), Koné, Ricca (Juan Carlos, m.62); Juanpi, Camacho, Recio, Chory Castro; Sandro eta Charles (Duda, m.66).
1 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Laporte, Yeray, Balenziaga; Williams (Lekue, m.43), San Jose, Beñat, Sabin Merino (Mikel Rico, m.74); Raul Garcia eta Aduriz (Etxeita, m.60).
Golak: 0-1, m.2: Aduriz. 1-1, m.81: Sandro. 2-1, m.82: Duda.
Epailea: Del Cerro Grande.
l Cerro Grande.