Itxi

Europa Liga

Genk taldearen analisia, Athleticen hurrengo aurkaria

A.B.

Belgikako ligan talde gazteena du, batazbesteko 22,6ko adinarekin. Bailey eta Karelis oso aurrelari arriskutsuak dira. Jokalari espainiar bat ere badute, Alejandro Pozuelo.

Genken hamaikakoa Sassuoloren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Athleticek ostegun honetan jokatuko du Europa Ligako multzoen faseko 3. jardunaldiko partida Genk taldearen aurka Belgikan. Multzoa guztiz berdinduta dago, Athleticek, Genkek, Sassuolok eta Rapid Vienak hiruna puntu baitituzte.

Genk oso talde gaztea da, 22,6 urteko batazbestekoa duelarik. Jupiler Pro Leagueko talde gazteena da, eta gaur egun bederatzigarren postuan dago ligako sailkapenean, 14 punturekin, Anderlecht liderrarengandik zazpi puntura. Belgikako talde aberatsena da, azken urteetan diru asko jaso baitute Courtois, De Bryune eta Benteke jokalarien salmentekin. Luminus zelaian jokatzen dute; 25.000 zale sartzen dira bertan eta asko animatzen dute.

Belgikako taldearen lerro ahulena defentsa da, baina aurrelari oso arriskutsuak ditu. Leon Bailey eta Nikos Karelis oso jokalari biziak eta onak dira, baita aurrealdean jokatzen duen Mbwana Ally Samatta ere. Karelis greziarra eta Bailey jamaikarra izaten dira normalean hasierako hamaikakoan eta Samatta tanzaniarra bizigarri moduan erabiltzen du entrenatzaileak bigarren zatietan. Genkek 30 gol sartu ditu orain arte txapelketa ofizialetan eta horietatik 24 Baileyren, Karelisen eta Samattaren artean lortu dituzte.

Gaur egun, Belgikako selekzioak ez du Genkekeko jokalaririk. Hasierako hamaikakoan belgikar batek bakarrik jokatzen du, 35 urteko Thomas Buffelek. Bestalde, Genkek jokalari espainiar bat ere badu eta Alejandro Pozuelo da. Pozuelok Betisekin partida batzuk jokatu zituen Lehen Mailan. Ondoren, Swanseak fitxatu zuen, baina ez zuen zorterik izan Premier Leaguean eta Rayo Vallecanora joan zen. Peter Maes da talde belgikarraren entrenatzailea.

 

ailea.

 

Albisteak (3)