Errege Kopa
Raul Garciaren bi golek garaipena eman diote Athletici Sardineron
Agentziak | Erredakzioa
Athetic nagusi izan da Racingen aurkako Kopako partidan, baina etxekoek gola egin dute. Javi Cobo izan da golegilea.
Athleticek Errege Kopako final-zortzirenetarako bidea ireki du, Racingi final-hamaseirenetako joanekoan irabazita (1-2), Raul Garciaren bi golei esker. Etxekoek aurpegia eman dute, Javi Coboren gol baten bidez.
Zuri-gorriak partidaren kontrola eskuratzen saiatu dira hasieratik, baina Racingek presioa egin du aurkaria deseroso jartzeko. Athleticen lehen abagunean, baina, Raul Garciak gola egin du, atezainaren aldaratzea baliatuta.
Athletic nagusi izan da, baina Racingek ez ditu besoak jaitsi. Ez dira askotan hurbildu zuri-gorrien atea zaindu duen Gorka Iraizozengana, baina 22. minutuan, etxekoen erasoko jokaldi on batean, Javi Cobok berdinketa jarri du markagailuan, baloia zutoinetik gertu sareratuta.
Bost minutu geroago, Raul Garciak aurretik jarri ditu berriro zuri-gorriak, Susaetaren erdiraketa on bat buruz errematatuta.
Racingek ez du arrisku handirik sortu, baina berdintzeko aukera bat izan dute, Etxeita eta Iraizozen arteko gaizki-ulertu baten erruz.
Bigarren zatiko hasieran, Racing Athletic beldurtzen saiatu da, baina zuri-gorriek kontrolpean hartu dute partida, eta garaipenarekin itzuli dira Bilbora.
FITXA TEKNIKOA
Racing: Raul Dominguez; Corcoles, Llorca, Santamaria, Gandara (Israel Puerto, 61. min); Coulibaly (Somavilla, 65. min), Alvaro Peña, Alberto, Javi Cobo (Josemi, 75 min), Heber Pena; Aquino.
Athletic: Gorka Iraizoz; Bóveda (Yeray, 71. min), Etxeitia, Laporte, Saborit; Susaeta (Muniain, 62. min), Elustondo (Iturraspe, 73. min), Eraso, Vesga, Raul Garcia; Aduriz.
Golak: 0-1, 10. min, Raul Garcia; 1-1, 22. min, Javi Cobo; 1-2, 27. min, Raul Garcia.