2-0
Athleticek Espanyoli irabazi dio eta Europako postuetan sartu da
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak 2-0 irabazi du San Mamesen eta LaLIgako sailkapeneko seigarren postuan da. Aritz Adurizek sartu ditu partidako bi golak.
Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Espanyolen aurka (2-0) San Mamesen eta Europako postuetan sartu da, 30 jardunalditan 50 puntu lortuta. Seigarren da talde zuri-gorria, bosgarren postuan den Vila-realengandik puntu bakarrera eta puntu bat ateratzen di zazpigarren postuan dagoen Realari.
Partidako lehen minutuak baloiaren jabe zein talde egingo den jakiteko izan dira. Bi taldeei kosta egin zaie norgehiagokari erritmoa jartzea, baina 10. minututik aurrera Athetic egin da baloiaren jabe. Baloi jabetza izaten hasi den arren Espanyolek eman du lehen abisua langa gainetik kanpora joan den Diego Reyesen erremate baten bitartez. Bi minutu beranduago Muniain Espanyolen arean sartu da, eta Victor Sanchezek penaltia egin dio. Epaileak argi ikusi eta penaltia adierazi du. Aritz Adurizek hartu du jaurtiketa egiteko erantzunkizuna eta 1-0koa sartu du. Gola sartuta jaun eta jabe izan da etxeko taldea eta Espanyolek ezer gutxi egin du, baina 28. minutuan berdinketa lortzeko abagunea izan du oso gutxigatik kanpora joan den Alvaroren falta jaurtiketaren bitartez. Eroso ibili da Athletic lehen zatian eta bigarren gola sartzeko aukera izan du 35. minutuan; Beñaten jaurtiketa ona, ordea, Diego Lopez atezainak desbideratu du. Bi minutu beranduago, 37.ean, Adurizek 2-0koa sartu du Beñaten erdiraketa bikaina buruz sare barrura bidalita. Atsedenaldira iritsi orduko Espanyolek aldeak murrizteko aukera izan du, baina Kepa Arrizabalaga atezainak perikitoen gola eragotzi du David Lopezen erremateari erantzun bikaina emanda.
Bigarren zatian Athletic erabat nagusi izan da, eta Espanyol ezinean ibili da. Kataluniako taldeak ez du abagune bakar bat ere sortu bigarren 45 minutuetan eta Valverdek zuzentzen duen taldeak kontrolpean izan du norgehiagoka. Zuri-gorriek ez dituzte abagune asko izan, baina ez du arazorik izan defentsako lanean. Aritz Adurizek hirugarren gola sartzeko aukera garbia izan du 79. minutuan; Espanyoleko defentsak huts egin du, baloia aurrelari gipuzkoarrari iritsi zaio, eta Diego Lopezen aurrean langara bidali du jaurtiketa. Azken txanpan Iñaki Williamsek gertu izan du gola, baina bere errematea kanpora joan da, gurutzatuegi. Amaieran, 2-0eko emaitzarekin nagusitu da Athletic.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic: Kepa; De Marcos, Yeray, Laporte, Saborit; Iturraspe, Beñat (Mikel Rico, m.81); Susaeta, Raul Garcia (San Jose, m.73), Muniain (Williams, m.62); eta Aduriz.
0 - Espanyol: Diego Lopez; Víctor Sanchez, David Lopez, Diego Reyes, Victor Alvarez; Melendo (Hernan Perez, m.46), Javi Fuego, Diop, Marc Roca (Jurado, m.46); Piatti eta Alvaro Vazquez (Caicedo, m.75).
Golak: 1-0, m.16: Aduriz, penaltiz. 2-0, m.37: Aduriz.
Epailea: Martinez Munuera.