Garaipena Las Palmasen aurka
Gol festa San Mamesen (5-1)
Agentziak | Erredakzioa
Zuri-gorriak aise gailendu zaizkio Las Palmasi Bilbon jokatutako partida zoroan. San Josek, Muniainek (2) eta Adurizek (2) egin dituzte lehoien golak; kanariarrena, berriz, Pedro Bigasek egin du.
Athleticek Las Palmas zapaldu du San Mamesen talde kanariarra 5 eta 1 mendean hartuta. Zuri-gorriek sailkapeneko seigarren postua berreskuratu dute, Realak eta Eibarrek euren partidetan egiten dutenaren zain.
Neurketa bilbotarren bakarrizketa izan da, gol gehiago egiteko aukera argiak izan dituzte, Las Palmas tentsiorik gabe aritu baita neurketa osoan. Izan ere, Setienen taldeak ez du Ligan ezer jokatzeko.
Mikel San Josek egin du partidako lehen gola buruz egindako erremate ikusgarri baten bidez; ondoren, Iker Muniainek bigarrena egin du, falta bat zuzenean jaurtita. Pedro Bigasek aldea murriztu du 12. minutuan. Handik sei minutura, Adurizek bilbotarren hirugarrena egin du, baloia lurretik jaurtiz.
Bigarren zatian, Muniainek bere bigarren gola egin du, Athleticen laugarrena, area ertzetik egindako jaurtiketa indartsu batekin. Jarraian, Adurizek ere bere bigarrena egin du, partidako azkena, markagailuan 5 eta 1ekoa jarriz.
Gaur egindako bi golei esker, Adurizek 22 egin ditu jada denboraldi honetan, horietariko 14 Ligan. Muniainek, berriz, sei daramatza, eta San Josek, lau, guztiak Ligan.
Fitxa teknikoa
5 - Athletic: Kepa; De Marcos, Yeray, Laporte, Balenziaga (Lekue, 52. min); Iturraspe, San José (San José, 75. min); Williams (Susaeta, 78. min), Raúl García, Muniain; eta Aduriz.
1 - Las Palmas: Raúl Lizoain (David García, m.46); Míchel Macedo (Momo, 63. min), Lemos, Bigas, Dani Castellano; Roque Mesa; Mateo, Tana, Vicente Gómez, Jonathan Viera (Halilovic, 71. min); eta Livaja.
Golak: 1-0, 7. min: San José. 2-0, 9. min: Muniain. 2-1, 12. min: Bigas. 3-1, 18. min: Aduriz. 4-1, 58. min: Muniain. 5-1, 58. min: Aduriz.
8. min: Aduriz.