Azken jardunaldia
Athleticek kale egin du Calderonen eta zazpigarren amaitu du Liga
Agentziak | Erredakzioa
Zuri-gorriek 3 eta 1 galdu dute Atleticoren aurka, partida eskasa eginda. Orain Bartzelonak Errege Kopa irabaztea behar dute bilbotarrek hurrengo denboraldian Europa Liga jokatzeko.
Atlético Madril aise gailendu zaio Athletici Vicente Calderonen jokatutako partidan, eta, ondorioz, bilbotarrek zazpigarren amaitu dute aurentgo Liga. Lehoiek partida txarra jokatu dute eta ezinean aritu dira. Europan jokatuko duten ala ez jakiteko, Bartzelonak datorren astean jokatuko den Errege Kopako finala irabaztea behar dute.
Iñaki Williamsek 2 eta 1ekoa egin duenean estutu dute apur bat zuri-gorriek aurkaria. Partida 3 eta 1 amaitu da azkenean, Angel Correak egindako golari esker. Madrildarrak jaun eta jabe izan dira partida osoan.
Lehen bi golak lehen 10 minutuetan egin ditu Simeoneren taldeak, eta jokalari berak egin ditu: Fernando Torresek. Griezmann, Koke eta Torres izan dira bi goletako protagonistak.
Neurketa borobila egiten ari zen Atletico, eta eroso egon da futbol zelaian.
Atsedenaldiaren ostean, Valverdek Iñaki Williams zelairatu du eta aurrelari gazteak egin du, hain zuzen, Athleticen gol bakarra. Baina pozak ez du asko iraun, Angel Correak hirugarrena egin baitu azken minutuetan.
Emaitza honekin, eta Realak Celtarekin berdindu ostean, bilbotarrek Errege Kopako finalean gertatzen denaren zain egon behar dute. Bartzelonak irabaziz gero, Europa Liga jokatuko dute zuri-gorriek.
Fitxa teknikoa
3 - Atletico de Madril: Oblak; Thomas, Savic, Lucas, Saúl; Carrasco (Gaitán, 70. min), Gabi, Tiago (Correa, 84. min), Koke; Griezmann eta Torres (Gameiro, 63. min).
1 - Athletic: Kepa Arrizabalaga; De Marcos, Laporte, Yeray, Balenziaga; San José, Iturraspe (Williams, 46. min), Beñat (Mikel Rico, 74. min); Raúl García (Susaeta, 56. min), Aduriz eta Muniaín.
Golak: 1-0, 8. min: Fernando Torres. 2-0, 10. min: Fernando Torres. 2-1, 70. min: Williams. 3-1, 86. min: Correa.
Barcelonak irabaziz gero, gureek datorren urteko Europa League jokatuko dute, multzoen fase aurretik 2 atariko jokatu behar izanik #athlive
— Athletic Club (@athletic_eus) 21 de mayo de 2017