Europa Liga / Kanporaketa
Athleticek San Mamesen erabaki beharko du, Bukaresten 1-1 bukatu ostean
Jesús Elordui | EiTB.EUS
Laportek Kuko Zigandaren taldea aurreratu du markagailuan lehen zatian, baina Rivaldinhok berdinketa jarri du bigarrenean, jaurtiketa bikain baten bidez.
Athleticek eta Dinamok 1-1 bukatu dute Bukaresten, 2017-18ko Europa Ligaren multzo-fasera iristeko gainditu behar dituen bi kanporaketetako lehenengoaren joaneko partidan. Aymeric Laportek, estrategia-jokaldi batean, aurretik jarri ditu Kuko Zigandaren gizonak, korner batean, 21. minutuan; bigarren zatian, aldiz, etxekoak suspertu dira, eta Rivaldinhok, jaurtiketa bikain baten bidez, markagailuan berdinketa jarri duen gola egin du. Hortaz, San Mameseko partidak zehaztuko du bietako zein igaroko den hurrengo kanporaketara.
Berdinketak zelaian ikusitakoa islatzen du; izan ere, Athletic gehiago izan da lehen zatian, baina atsedenaldiaren ostean Dinamok hobera egin du eta hainbat jokaldi arriskutsu sortu ditu.
Athletic nagusi, atsedenaldira arte
Lehen zatian, Athleticek ia hasieratik eskuratu du baloia. Dinamoren irteera arriskutsua izatea espero zen, baina talde bilbotarrak ez du aparteko arazorik izan hori kontrolatzeko. Giro beroa zegoen Arena Nationalean, baina lehoiak segituan hasi dira jokoa menderatzen. Lehen minutu horietan, Beñat eta Vesga jokoa alde batetik bestera zabaltzen saiatu dira.
Estrategia izan da, dena den, gakoa. 4. minutuan, Beñatek ezkerretik erdiratutako falta baten ondorioz, Xabi Etxeitak aukera ona izan du lehen gola sartzeko, baina zornotzarraren errematea kanpora joan da. Etxeitak berak, baina, 21. minutuan guztiz asmatu du: Beñatek korner bat jaurti, atzelari bizkaitarrak bigarren zutoinera orraztu, eta Aymeric Laportek, bakar-bakarrik, sareetara sartu du buruz. 0-1ekoak ez du ia inor harritu, zelaian ikusten ari zena kontuan hartuta.
Atsedenaldira arte, Zigandaren gizonak presioari goian eusten eta bigarren gola sartzen ahalegindu dira. Azken hori ez dute erdietsi, nahiz eta Raul Garciak 27. minutuan aukera oso ona izan duen; nafarrak eta Adurizek jokaldi bikaina egin dute, baina Raulen burukada kanpora joan da azkenean. Lehen 45 minutuak jokatu ondoren, sentsazio onak ziren, zalantzarik gabe.
Bigarren zatian, Dinamok hobera egin du
Joko horrek, baina, ez du jarraipenik izan bigarren zatiaren hasieran. Rivaldinho sartu du zelaira errumaniarren entrenatzaileak, Cosmin Contrak, eta brasildarrak partida guztiz aldatu du. 51. minutuan, burukada batekin, goletik gertu izan da, eta handik gutxira aurkitu du, 30 bat metrotik egindako eskuinkada eder baten bitartez. Berdinketak asko animatu du etxeko taldea, eta Athletic estu ibili da, hainbat minutuz, emaitzari eusteko.
Partidako azken txanpan, Muniain, erremate polit batekin, 1-2koa jartzeko zorian izan da. Dinamok ere izan du aukera bigarren gola sartzeko; izan ere, falta batean, Balenziagak baloia ikutu du, aldendu nahirik, eta Herrerinek geldiketa aparta egin behar izan du.
Azken emaitza horrekin, beraz, San Mamesek erabakiko du zeinek egiten duen aurrera. Itzulerako partidak interes handiagoa izango du horrela, eta, emaitza ikusirik, Athleticek aukera garbia du kanporaketa gainditzeko. Datorren ostegunean argituko da.
Fitxa teknikoa:
Dinamo: Penedo; Romera, Nedelcearu, Katsikas, Filip; Busuladic (Rivaldinho, 46. min), Salomao, Hanca; Nascimento (Anton, 83. min), Nemec (Albin, 66. min) eta Mahlangu.
Athletic: Herrerin; De Marcos, Laporte, Etxeita, Balenziaga; Beñat (Rico, 81. min), Vesga; Muniain, Susaeta (Lekue, 66. min), Raul Garcia (Sabin, 89. min) eta Aduriz.
Golak: 0-1, Laporte, 20. min. 1-1, Rivaldinho, 53. min.
dinho, 53. min.