Lau porrot eta berdinketa bat
Athleticek Atletico garaitu nahi du lehen aldiz San Mames berrian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Simeoneren jokalariek lau garaipen eta berdinketa bat eskuratu baitituzte zuri-gorriek etxez aldatu zutenetik.
Atletico Madrilen bisita jasoko du Athleticek asteazkenean, 20:00etan, San Mamesen. Futbol zelai berri horretan jokatzen dutenetik, zuri-gorriek ez du oraindik talde madrildarra azpiratzeko modurik izan, Diego Pablo Simeoneren jokalariek lau garaipen eta berdinketa bat eskuratu baitituzte bilbotarren estadio berrian.
Aipatu berdinketa joan zen uretan gertatu zen, aurtengo urtarrilaren 22an, hain zuzen ere. Partida bukatzeko 10 minutu falta zirela Griezmannek sartutako gol batek behin behitiko bi eta bikoa ezarri zuen markagailuan. Aurretiaz, Lekuek eta De Marcosek norgehiagoka hasi eta berehala sartutako gola iraultzea lortu zuten.
Aldez aurretik, liga txapelketan, koltxoneroek honako garaipen hauek eskuratu zituzten: 2013-2014 denboraldian, 2-1 (Muniain/Diego Costa eta Koke); 2014-2015 denboraldian, 1-4 (Rico/Griezmann 3 eta Raul Garcia, penaltiz) eta 2015-2016 denboraldian, 0-1 (Fernando Torres).
Emaitza horiez gain, 2013-2014 denboraldiko Errege Kopako final-laurdenetan 1-2 gailendu ziren. Harako hartan, madrildarrek markagailua irauli zuten atsedenalditik bueltan, Diego Costaren eta Raul Garciaren golen bidez, Athletic aurretik baitzen Aritz Adurizi esker.
Atleticoren aurka zuri-gorriek duten azken garaipena 2013ko urtarrilaren 27an, hau da, koltxoneroek Katedral zaharrera egin zuten azken bisitaldian lortutakoa da. Marcelo Bielsa etxekoen entrenatzaile zela, Athleticek 3-0 menderatu zuen Atletico (Mikel San Jose, Markel Susaeta eta Oscar de Marcos).
Asteazkenekoa bien artean Bilbon jokatzen duten 81. liga norgehiagoka da. Aurreko 80 lehiek 41 garaipen eman dizkiete etxekoei, 24 kanpokoei eta 15 berdinketa biei, 157 izanik bilbotarren aldeko golak eta 107 madrildarren aldekoak.