0-2
Athletic final-hamaseirenetan da multzoko lehen sailkatu bezala, Zoryari irabazita
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak 0-2 irabazi dio Zoryari, Adurizen eta Raul Garciaren golei esker. Herthak eta Ostersundsek bana (1-1) berdindu dutenez, J multzoko lidertza lortu du Bizkaiko taldeak.
Athleticek 0-2 irabazi dio Zoryari eta Europa Ligako final-hamaseirenetarako txartela lortu du. Gainera, Hertha Berilenek eta Ostersundsek bana (1-1) berdindu dutenez, zuri-gorriak J multzoko lehen sailkatu bezala pasa dira hurrengo fasera.
Talde zuri-gorria aurkariaren zain zelairatu da, atzean sartuta eta Zoryari baloiaren jabetza utzita. Zigandak esan zuen ez zirela berdinketaren bila aterako, irabaztera baizik, baina Athleticek berdinketa bilatu du lehen minututik, lehen zatian behintzat. Ukrainako taldea izan da baloiaren jabe eta Herrerinek defendatutako ate ingurura sarritan iritsi den arren, ez du abagune argirik sortu. Athletic atzean sartuta egon da, eta erasoan ez du arriskurik sortu lehen minutuetan. Neurketako 25. minutuan, ordea, lehen abagunea izan dute zuri-gorriek eta berean gola sartu dute; epaileak, ordea, baliorik gabe utzi du Williamsen gola. Erdiraketa baten ostean, Adurizek eman dio pasea Williamsi eta honek sare barrura bidali du baloia. Epaileak Adurizen jokoz kanpoko posizioa adierazi du, baina kale egin du nabarmen epaile jaunak. Ondoren, 34. minutuan, Raul Garciak txilenaz egin duen errematea kanpora joan da oso gutxigatik.
Bigarren zatiaren hasieran ere Zorya izan da baloiaren jabe. Etxeko taldea erasokor zelairatu da atsedenaldiaren ostean, baina Athleticen areara erraz iristen izan den arren, ez du abagune argirik sortu. Azken pasea eta azken errematea falta izan zaizkio Zoryari. Minutuak aurrera joan ahala, zuri-gorriak nagusitzen hasi dira. Horrela, 51. minutuan, Adurizek jokaldi paregabea egin du, arean sartu da, eta Zoryako atezainak zuri-gorrien gola eragotzi du, Adurizen jaurtiketa desbideratuta. Hurrengo jokaldian, Susaetak kornerra atera eta San Josek buruz egin duen errematea, kanpora gutxigatik. Nagusi izan da Athletic bigarren 45 minutuetan, baina ezin gola sartu. Norgehiagokako 64. minutuan, langara bidali du errematea Raul Garciak. Ekinean jarraitu du Zigandak zuzentzen duen taldeak eta ekinak saria jaso du 70. minutuan; Raul Garciak erdiratu, eta Adurizek 0-1ekoa sartu du. Gola sartu ostean, areagotu egin da Athleticen nagusitasuna eta Zoryako atezainak zuri-gorrien bigarren gola eragotzi du, Raul Garciaren erremateari erantzun bikaina emanda. Raul Garcia gola bilatzen ibili da partida guztian zehar, eta lortu egin du 86. minutuan; Susaetak falta bikain erdiratu, eta Raul Garciak 0-2koa egin du, atezaina gaindituta. Bigarren golak guztiz erabakita utzi du partida eta Athletic Europa Ligako final-hamaseirenetan egongo da.
Fitxa teknikoa:
0 - Zorya Luhansk: Lunin; Gordienko, Kharatin, Svatok, Sukhotsky; Babenko (Kochergin, m.75) Andriyevskiy; Karavaev, Iury (Silas, m.62), Lunov (Kavaiev, m.46); eta Gromov.
2 - Athletic Club: Iago Herrerin; Lekue, Unai Nuñez, Laporte, Balenziaga; Williams (Cordoba, m.79), San José, Mikel Rico, Susaeta; Raul Garcia (Aketxe, m.93) eta Aduriz (Sabin Merino, m.89).
Golak: 0-1, m.69: Aduriz. 0-2, m.86: Raul Garcia.
Epailea: Ruddy Buquet.
g>Ruddy Buquet.