1-2
Athleticek arnasa hartu du Levanteri irabazita
Erredakzioa
Zuri-gorriek 1-2 irabazi dute Ciutat de Valencian. Adurizek egin du lehen gola, Laportek bere atean sartu du banakoa eta Postigok bere atean sartu du Athletici garaipena eman dion gola.
Athleticek 1-2 irabazi dio Levanteri Ciutat de Valencia zelaian jokatu duen Ligako 15. jardunaldiko partida, eta, hiru puntu horiei esker, jaitsiera postuetatik bost puntura dago orain talde bizkaitarra, 17 punturekin. Gainera, Levante bete-betean sartu dute mailari eusteko lehian, 16 puntu baititu talde valentziarrak.
Aurrera begira ekin dio partidari Athleticek, Lekuek kanpora bidali baitu jaurtiketa on bat lehen minutuan. Hurrengo jokaldian, Raul Garciak ondo baliatu du Postigoren hutsa, pasea eman dio De Marcosi eta epaileak penaltia adierazi du, Toñok jokalari zuri-gorriari bultzakada eman ostean. Adurizek ez du barkatu 11 metroetatik, eta 0-1ekoa sartu du. Hirugarren minutuan etorri da Athleticen gola, eta, zortzigarrenean, Lekueren bolea oso gutxigatik joan da kanpora. Ondoren, Levante egin da baloiaren jabe, eta berdinketa lortzeko bi abagune izan ditu etxeko taldeak; Moralesen jaurtiketa arriskutsua kanpora joan da Laporte jo ostean, eta Postigok txilenaz egin duen errematea ez da gutxigatik ate barrura sartu. Neurketaren 24. minutuan, Athleticek bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina De Marcosek boleaz egin duen errematea, gutxigatik joan da kanpora. Atsedenaldira iritsi orduko, Kepa Arrizabalagak Levanteren gola eragotzi du Boatengen errematea desbideratuta.
Bigarren zatian, atzean sartuta egon da Athletic. Levante izan da baloiaren jabe, eta etxeko taldeak etengabe jo du erasora. Boatengek Keparen eskuetara bidali du jaurtiketa 50. minutuan, Nuñezen akats larri baten ostean, eta Chemaren bolea gutxigatik joan da kanpora, 64. minutuan. Levanteren ekinak, ordea, saria jaso du 73. minutuan; Ivik hegaletik erdiratu du, eta Unalen errematea ekiditeko ahaleginean, Laportek bere atean sartu du gola (1-1). Ordurako, Zigandak Williams zuen berdegunean, Adurizen lekuan. Williamsen abiadurak kontraerasoak sortzeko aukerak eman dizkio Athletici, eta talde zuri-gorria bere areatik irten ahal izan da. Levanteri ez dio asko iraun pozak; izan ere, 79. minutuan, De Marcosek hegaletik erdiratu du eta Postigok bere atean sartu du gola (1-2), baloia aldentzeko ahaleginean. Azken txanpan, Levante saiatu da berdinketa lortzen, baina Athletic sendo aritu da defentsan, eta hiru puntuak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
1 - Levante: Oier; Shaq Moore (Ivi, 46. min), Postigo, Chema, Toño; Bardhi, Campaña; Jason, Hacen (Boateng, 37. min), Morales; eta Enes Ünal.
2 - Athletic Club: Kepa; Lekue, Unai Nuñez, Laporte, Balenziaga; Mikel Rico, Vesga; Susaeta (Saborit, 81. min), De Marcos (Sabin Merino, 89. min), Raul Garcia; eta Aduriz (Iñaki Williams, 70. min).
Golak: 0-1, 5. min: Aduriz (penaltiz). 1-1, 73. min: Laporte (bere atean). 1-2, 79. min: Postigo (bere atean).
Epailea: Estrada Fernandez.