UEFAren arabera
Aduriz, Europa Ligako multzoen faseko jokalari onena
Erredakzioa
Aritz Aduriz Athleticeko aurrelaria izendatu du UEFAk multzoen faseko futbolari onena, txapelketako estatistika ofizialetan oinarrituta.
Aritz Aduriz Athleticeko jokalaria, Europa Ligako multzoen faseko futbolari onena izendatu du UEFAk. Hala jakinarazi du Europako futbolaren erakunde nagusiak, txapelketako estatistika ofizialetan oinarrituta.
Bost gol sartu ditu Adurizek multzoen faseko sei partidatan eta Europa Ligaren historiako bigarren golegile onena da 23 golekin, eta lehen postuan dagoen Radamel Falcaorengandik (30 gol) zazpi golera dago. "36 urteko jokalariak, txapelketako aurrelari arriskutsuenetakoa izaten jarraitzen du", adierazi du UEFAk.
UEFAren estatistika ofizialen arabera, Adurizek 539 minutu jokatu ditu, 12 jaurtiketa egin, 8 jaurtiketa bidali ditu aurkariaren atera, bost gol sartu ditu, goleko pase bat eman eta taldekideei emandako paseen artean, %61 onak izan dira. Gainera, Athleticek Europa Ligara sailkatzeko jokatu zituen bi atariko partidetan hiru gol sartu zituen Dinamo Bukaresten eta Panathinaikosen aurkako kanporaketetan.
Horrez gain, Aduriz multzoen faseko hamaikako onenean dago Realeko Alberto de la Bella eta Sergio Canales jokalariekin batera. Hauxe da UEFAk aukeratu duen Europa Ligako multzoen faseko hamaikako onenak: Aly Keita (Östersund) atezaina; Stefan Lainer (Salzburgo), Sotirios Papagiannopoulos (Östersund), Michael Lüftner (Copenhague) eta De la Bella (Reala) defentsak; Emiliano Rigoni (Zenit), Canales (Reala), Remo Freuler (Atalanta) eta Benjamin Verbic (Copenhague) erdilariak; Aduriz (Athletic) eta Andre Silva (Milan) aurrelariak.