EUSKAL DERBIA
Beharrizanez beteriko derbia jokatuko dute Athletic eta Realak San Mamesen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jokatu dituzten azken zazpi derbietatik Realak bat besterik ez du irabazi, lau berdinketan amaitu dira, eta azken biak zuri-gorrientzat izan dira.
Larunbat honetan Athleticek eta Realak San Mamesen jokatu behar duten euskal derbia denboraldi hasieran aurreikusi zituzten aurreikuspenetatik oso urruti dauden bi taldeen arteko norgehiagoka izango da.
Denboraldia, orain arte, okerragoa izaten ari da bilbotarrentzat, nahiz eta azken jardunaldietan gorako joeran dabiltzala dirudien. Askoz hobe zihoazkien gauzak txuri-urdinei, lau porrot segidan ekarri dizkion bolada txar batean sartu diren arte (bereziki mingarriak Anoetan jasotako hirurak).
Bi taldeen inflexio-puntua Errege Kopan izandako ezusteko kanporaketak izan dira, bata zein bestea Bigarren B mailako taldeen kontra erori baitziren: Formenteraren kontra Zigandaren mutilak; Lleidaren aurka, Eusebiorenak.
Alabaina, muturreko horien ostean talde biek modu desberdinean erantzun dute: bilbotarrak Real Madrilen aurka lehiakor agertu ziren eta azken unean Europa Ligako multzoen fasean aurrera egitea lortu zuten multzoko lehen postua eskuratuta. Donostiarrak, ordea, atzera pausoak eman dituzte Liga txapelketan eta Europan bigarren postuan egin dute aurrera hurrengo fasera. Hartara, biharko partida irabaztea lortuz gero, Athleticek Reala gaindi dezake sailkapenean.
Helburu hori erdiesteko bidean 'Kuko' Zigandak Beñat Etxebarria deialdiaren barruan sartu du, pubiseko ebakuntzaren osteko sendatze prozesua bete ostean, baina ez dirudi oraindik hasieratik jokatzeko moduan egongo denik. Hori dela eta, Mikel Ricorekin batera zelai erdian arituko dena Mikel Vesga izan liteke, baina ez da baztertu behar Mikel Sanjosek gasteiztarrari lekua kentzea, joan zen jardunaldian gaixotasunak jota jokatu gabe geratu eta gero.
Williamsek, Cordobarekin batera, bere aukeraren zain geratu beharko du hegaletik ari den Oscar de Marcosen zein Markel Susaetaren maila handiaren arrean.
Dena den, gerta liteke ere De Marcosek bere tokia atzeratu eta Iñigo Lekueren ordez jardutea, eta horrek Williams hasieratik aritzea ekarriko luke.
Realari dagokionez, Mikel Oyarzabal deialdian sartu du Eusebiok, atzo belaunean jaso zuen kolpea behin ahaztuta. Kevin Rodrigues atzeko hegalekoak, berriz, lesionaturik jarraitzen du Malagaren aurka jokatutako azken partidan min hartu ostean.
Txuri-urdinen entrenatzaileak Donostian utzi ditu Aritz Elustondo atzelaria, Ruben Pardo erdilaria eta Imanol Agirretxe eta Jon Bautista aurrelariak.
Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetara joan aurretik Realarekin etxetik kanpo jokatuko duen azken partidaren aurrean, Carlos Velak ordezkoekin ekingo dio lehiari.
Horrenbestez, ez da espero aldaketa handirik egotea azken jardunaldietan ateratako hamaikakoetatik; izan ere, Malagaren kontra azaldutako aurpegia txarra izan bazen ere, gainerakoetan taldea lehiakor agertu, eta atzean egindako huts larriak izan dira hainbat puntu bidetik galtzea eragin dutenak.
Jokatu dituzten azken zazpi derbietatik Realak bat besterik ez du irabazi, lau berdinketan amaitu dira, eta azken biak zuri-gorrientzat izan dira.
Balizko hamaikakoak
Athletic: Kepa; Lekue, Unai Núñez, Laporte, Balenziaga; De Marcos, Iturraspe, Mikel Rico, Susaeta; Raúl García eta Aduriz.
Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Martínez, De la Bella; Illarramendi, Prieto, Zurutuza; Oyarzabal, Januzaj eta Willian José.
Epailea: David Fernández Borbalán (Andaluzia).
Zelaia: San Mames.
Ordua: 16:15