Kargatzen...
Itxi

Euskal derbia

Golik gabeko berdinketa Athleticen eta Realaren arteko derbi aspergarrian

M.D. | eitb.eus

Leer en Castellano

Txuriurdinek baloiaren jabetza izan dute, eta zurigorriak sendo ibili dira atzean, baina inork ez du joko onik egin. Puntua ez da nahikoa bientzat.

Athletic 0 - Reala 0 / EFE.

Athelticen eta Realaren arteko derbia San Mamesen golik gabe bukatu da. Aukera eta futbol gutxi, eta erritmo txikia izan du. Irabazitako puntu bana ez zaie askotarako balio, eta hurrengo jardunaldian jarri beharko dute arreta bi taldeek.

Realak baloiaren jabetzarekin hasi du neurketa, eta Athletic ordu laurdenera esnatu den arren, lehenengo zatia kanpokoentzat izan da. Sakontasun txikia izan du, baina baita nagusitasuna ere.

Oyarzabalek lehenengo aukera argia izan du, baina kanpora joan zaio gurutzatutako jaurtiketa, 20. minutuan. Hurrengoa Illarramendirena izan da, eta zutoinetik gertu igaro da.

Jarraian, zurigorriek erantzuna eman dute. Mikel Ricoren erdiraketa, area barrutik, Realaren atetik igaro da, inork harrapatu gabe. Lehenago, Athleticek Llorenteren eskua area barruan adierazteko eskatu dio epaileari, baina ez du ikusi.

Erritmorik gabe joan da neurketa, lehen zatiko azken txanpara heldu den arte. Realak baloia izan du eta nagusi izan da Athleticen aurrean, baina zurigorriek ez dute arazo handirik izan defendatzeko, aukera handirik sortu gabe.

Bina abagune talde bakoitzarentzat, eta azkena, arriskutsuena, Athleticena izan da. Atsedenaldia baino lehen, San Josek jaurti du Mikel Ricoren pasearen ostean, baina kanpora joan da.

Bigarren zatian, aldatu egin da gidoia. Athletic hobeto zelairatu da, neurketa piztuz. Baina gutxi iran du horrela.

Zurigorrien aukerak momentu honetan heldu dira. 52.ean, Rullik kornerrera bidali du Raul Garciaren jaurtiketa bat, eta 56.ean, Adurizek bere aukera bakarra izan du, buruz.

Realak baloia berreskuratu duenean, erritmoa ere jaitsi du, bere interesen alde. 63. minutuan, Januzajek sarera bidali du jaurtiketa, Laporteren akats baten ostean.

Canalesek izan du azkena, 76.ean. Kanpora errematatu du Januzajen erdiraketa, belgikarraren jokaldi baten ostean. Derbiak berdin jarraitu du. Biek beldur handiegia izan diote galtzeari. Iago Herrerinek Xabi Prietoren azken abagunea urrundu du.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iago Herrerin; Lekue, Unai Nuñez, Laporte, Balenziaga (Saborit, m.70); De Marcos (Williams, m.66), San Jose, Mikel Rico, Susaeta; Raúl García (Cordoba, 80) eta Aduriz.

Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Martinez, De la Bella; Illarramendi, Prieto, Zurutuza; Oyarzabal (Canales, m.70) Januzaj (Carlos Vela, m.85) eta Willian Jose.

Albisteak (2)

Bideoak (2)