Kepa auzia
Zidane: 'Ez dut atezain bat behar'
Agentziak | Erredakzioa
"Orain ez dut behar. Ekainean, aldaketarik egonez gero, eta eseri eta hitz eginez gero, baliteke posizio batzuetan fitxaketak egitea", esan du Real Madrileko entrenatzaileak Kepa auziari buruz.
Zinedine Zidane Real Madrileko entrenatzaileak atezainik ez duela behar esan du, Kepa Arrizabalaga Athleticeko atezainaren fitxaketa eginda dagoela dioten informazioen aurrean. Bere lehentasuna “jokalaririk ihes ez egitea” dela azpimarratu du Zidanek, "jokalari guztiak" behar dituelako.
"Entrenatzaile bezala, ez dut atezainik behar. Orain ez dut behar. Ekainean, aldaketarik egonez gero, eta eseri eta hitz eginez gero, baliteke posizio batzuetan fitxaketak egitea. Baliteke horretaz eztabaidatzeko aukera izatea, baina gaur ez da horretarako eguna", esan du Celtaren aurkako partidaren atariko prentsaurrekoan.
Madrildarren entrenatzaileak ez du beste taldeetako jokalariez hitz egin nahi izan. "Nire jokalariekin nago, eta haietaz bakarrik mintzatuko naiz", esan du. "Ez dut inor taldetik ateratzea nahi, nahiz eta 31ra arte norbait etortzeko aukera izan. Ez dut inor nahi, pozik nago dauzkadan jokalariekin, zailtasun txiki batzuk izan arren", azpimarratu du.
"Guztiak denboraldia amaitu arte behar ditut; taldea ez dute 11 jokalarik osatzen, guztiak garrantzitsuak dira", gaineratu du Zidanek.