Puntu banaketa
Athleticek berdindu egin du Getafen, bi aldiz aurretik egon eta gero (2-2)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Williamsen eta Raul Garciaren golek birritan jarri dituzte zuri-gorriak agintzen markagailuan, baina Getafek beste hainbeste aldiz lortu du berdintzea.
Athleticek eta Getafek puntuak banatu dituzte ostiral honetan, Ligako 20. jardunaldian, (bigarren itzuliko lehendabizikoa) Alfonso Perez futbol-zelaian berdindu ostean (2-2), hiru penalti izan dituen norgehiagokan.
Bederatzi partida jarraian galdu gabe batu dituen Zigandaren taldea aurretik jarri da markagailuan 14. minutuan, Iñaki Williamsek egindako jaurtiketa-erdiraketa baten bitartez. Zuri-gorrien harrobiko aurrelariak Laportek defentsa inguruetatik erdiratutako baloi bat boleaz jo du, eta atezainaren gainetik ate barrura sartu da. Gol hori heldu baino lehen, Williams berak beste aukera nabarmena izan du 2. minutuan, baina bere jaurtiketa kanpora joan da, Emiliano Martinez atezain argentinarraren ezkerreko zutoinaren albo-albotik.
Getafek arin erantzun dio Athleticen golari, Jorge Molinak sartu duen penaltia dela medio. Aurrelari beteranoak ez du barkatu hamaika metroetatik, Iago Herrerinek area barruan berari egin dion falta sareratu eta gero.
Horren ostean, Athleticek beste abagune garbi bat izan du Sabin Merinoren burukada batekin, baina etxekoen atezainak sekulako gelditua egin dio.
Hortik eta atsedenaldira heldu arte, partida lasaitu egin da eta ez da apartekorik gertatu.
Aldageletatik bueltan, bilbotarrak berehala jarri dira berriro agintzen markagailuan, Gil Manzanok Athleticen aldeko penaltia adierazi baitu. Molinerok Sabin Merino area barruan heldu egin du korner baten jaurtiketan, eta epaileak ez du penalti puntura zuzentzeko zalantzarik izan. Raul Garciak gola erdietsi du, eta zale zuri-gorriak hiru puntuak lortzeko itxaropenez bete dira.
Aitzitik, gauzak ez dira bide horretatik joan. Etxekoek erasora jo dute minutuak aurrera egin ahala, eta handik gutxira saria etorri zaie neurketako hirugarren penaltiarekin. Lehen zatian gertatu legez, aurrez aurre izan dira Jorge Molina eta Iago Herrerin; haatik, bigarren aukera horretan bilbotarren atezaina atera da irabazle, gelditu paregabea egin baitio madrildarren aurrelariak penalti puntutik egindako jaurtiketari.
Dena den, Zigandaren mutilen zoritxarrerako, neurketa ez da horrela bukatu. Getafek bultzaka jarraitu du, eta Athletic bere zelaitik atera ezinik ibili da azken minutuetan. Hala, amaierarako 16 minuturen faltan, eta Athleticeko jokalariek jokoz kanpo egon dela protestatu duten jokaldi baten ondoren, bigarren zatian zelairatu den Angelek oinaren punta jarri du behin betiko 2-2koa egiteko.
Puntu banaketaren ostean, eta 20. jardunaldia hasi besterik ez den honetan, Getafe sailkapeneko zazpigarren tokian geratu da, 27 punturekin; Athletic, berriz, hamargarren dago, 26rekin.
Fitxa teknikoa:
Getafe 2: Emiliano Martínez; Damián (Molinero, 46. min), Djené, Cala, Antunes; Markel Bergara, Arambarri; Portillo, Shibasaki (Ángel, 61. min), Amath (Pacheco, 64. min); eta Jorge Molina.
Athletic 2: Herrerín; Lekue, Núñez, Laporte, Saborit; Mikel Rico, Iturraspe; Williams, Raúl García (Aduriz, min. 68), Susaeta (Beñat, 61. min); eta Sabin Merino (Córdoba, 88. min).
Goles: 0-1, 14. min: Williams; 1-1, 21. min, Jorge Molina (penaltiz); 1-2, 48. min: Raúl García (penaltiz); 2-2, 74. min: Ángel.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Molinero, Jorge Molina, Djené eta Arambarri (Getafe); Núñez (Athletic).