Gaur, 21:00etan
Athleticek eta Eibarrek Europara begira jarraitu nahi dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zigandak hogeiko deialdia eman du, eta bertan Laporte sartu du; hartara, partidaren aurretik bi jokalari deialditik kanpo utzi beharko ditu.
Athleticek eta Eibarrek azken hilabeteetako bolada onari segida eman nahi diote gaur San Mamesen (21:00), eta, bide batez, Europarako txartela ematen duten postuei begira jarraitu, Liga txapelketa gaizki hasi ostean. Bilbotarrek sei puntura dituzte postu horiek, eta, armaginek, berriz laura.
Lehen itzuliko partidan zuri-gorriak nagusitu ziren, Aritz Adurizek sartutako gol bakarraren bitartez, eta ostiralerako norgehiagokara bederatzi partida galdu gabe iritsiko dira (horietako sei berdinketak izan diren arren). Gainera, klubak asaldatuta bizi ditu azken orduak, neguko fitxaketak direla-eta. Izan ere, hilabete askotako negoziaketen ostean, Kepa Arrizabalagaren kontratu-luzapena erdietsi eta gero, une hauetan arduraz begiratzen du Aymeric Laportek Manchester Cityra alde egin lezakeela urtarrila amaieran.
Alabaina, Zigandak Ageneko atzelaria hogeiko deialdian sartu du. Bertan, jokatzeko moduan dauden jokalari guztiak sartu ditu Larraintzakoak, Kike Sola izan ezik; hartara, jokalari baztertu beharko ditu partidaren aurretik.
"Berba egin dugu, lasai dago, berak entrenatu egingo duela esan du; beraz, aurrera", adierazi du Zigandak entrenamenduaren aurreko prentsaurrekoan.
Aitzitik, deialditik kanpo geratu dira Kepa, Oscar de Marcos, Mikel Balenziaga eta Iker Muniain, min hartuta jarraitzen dutelako.
Eibar, bere aldetik, azkenaldian Liga txapelketan lortutako emaitza onekin jarraitu nahi izateaz gain (azken bi partidak irabazi ez dituen arren), euskal taldeen artean gorengo postua duen talde gisa zelairatutako da San Mamesen. Armaginen atzetik Athletic dago, bi puntura, hain justu ere.
Aipatu bezala, talde gipuzkoarrak ez du garaipenik lortu azken bi partidetan: Atleticoren aurka galdu egin baitzuen eta berdindu Malagaren kontra. Alabaina, eibartarrak indartsu helduko dira euskal derbira.
Jose Luis Mendilibar armaginen entrenatzaileak jokatzeko moduan dituen 20 jokalariak sartu ditu deialdian, hiru atezainak barne; hots, bi jokalari atera beharko ditu deialditik partidaren aurretik.
Litekeena da horietako bat Yoel atezaina izatea, oraindik ez duelako lehiatzeko adina behar den erritmorik. Harmailatatik lehia ikusteko aukera gehien dituen beste jokalaria Ruben Peña da, azken norgehiagokan Beberen parte-hartzeak taldeari on egin ziola ikusi ostean.
Atzealdeko lerroan min hartu duen Paulo Oliveiraren lekua Ivan Ramisek hartuko du. Bestalde, Kike Garciak aurrelari lanetan jarraituko du Charlesekin batera.
Azken partidetan ikusitakoaren arabera, eta aurreko norgehiagoka (Malagaren aurkakoa) astelehenean izan zela kontuan hartuta, Alejok atseden hartu eta bere lekua Orellanak har dezake, jokatu dituen minutuetan bere kalitatea erakutsi baitu.
Balizko hamaikakoak:
Athletic: Iago Herrerín; Lekue, Unai Núñez, Etxeita o Laporte, Saborit; Williams, Iturraspe, Mikel Rico, Susaeta; Raúl García eta Aduriz.
Eibar: Dmitrovic; Capa, Ramis, Arbilla, Cote; Dani García, Jordán; Orellana, Charles, Inui; eta Kike García.
Epailea: Melero López (Andaluzia)
Zelaia: San Mames.
Ordua: 21:00