Itxi

Euskal derbia

Athleticek eta Eibarrek berdindu egin dute, armaginak nagusi izan diren derbian (1-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bi golak bigarren zatian heldu dira. Hasi eta berehala Adurizek etxekoak aurreratu ditu (50'), baina gerora Kike Garciak (73') eibartarren gola egin du.

Argazkia: EFE

Athleticek eta Eibarrek bana berdindu dute ostiral honetan San Mamesen. Armaginak nagusi izan dira ia partida guztian zehar, eta azken aldera Iago Herrerinen ate ingurura behin eta berriro hurbildu dira etxekoak estu hartuz.

Armaginak, gainera, zuri-gorriak sartutako lehendabiziko gola berdintzeko gai izan dira. Adurizek egin du gol hori 50. minutuan, Iñaki Williamsen jokaldi on baten ostean; dena den, Kike Garciak banakoa sartu du 73an, Charlesek egindako jaurtiketa baten aldaratzea baliatuta.

Adurizen kasuan, denboraldiko hamaseigarren gola da, Ligako zortzigarrena, hain zuzen ere.

Gaurko berdinketarekin Eibarrek zazpigarren postuan ekin dio jardunaldiari, Europarako txartela ematen duten postuetatik hiru puntura. Athleticek, berriz, hamar neurketa daramatza galdu gabe, eta behin-behinean hamargarren tokian dago, Europatik bost puntura.

Eibarrek hobeto ekin dio partidari. Hirugarren minuturako lehen abisua eman du urrunetik, Orellanaren baloi loratu baten bitartez; alabaina, kanpora joan da gutxigatik. Nagusitasun hori nabarmena izan da lehen zati osoan zehar, jokorik egiteko moduan egon ez den Athleticen aurrean.

Dena den, Zigandarenak izan dira tarte horretako aukera nabarmenen egileak, baina Williams ez da gai izan bisitariek 11. eta 31. minutuetan atzealdean egin dituzten akatsak baliatzeko.

Williamsen bigarren aukera horren ostean, Etxeitak eta Adurizek buruz errematatu dituzte Susaetak eta Iturraspek erdiratutako bi baloi, zehaztasunik gabe, ordea. Hortik aurrera eta atsedenaldira heldu bitartean, Eibarrek agindu du berriro zelaian.

Horren adierazle, Kike Garciak egin duen errematea (buruz hark ere), baina ate erdira atera zaio, eta Herrerinek ez du arazorik izan geratzeko.

Bigarren zatiari ekin eta bost minutura, Athleticek gola erdietsi du. Etxeitak baloi bat lapurtu du, hark Raul Garciari eman dio, eta nafarrak eskuin hegalean zegoen Williamsi zabaldu dio. Oraintsu kontratu berria sinatu duen aurrelariak bere defentsari lau keinu egin dizkio eta bigarren zutoinean jarri du baloia. Han Aduriz zegon zain, bakar-bakarrik, eta burua jarri besterik ez du egin behar izan.

Golak etxekoei mesede egin die, eta hurrengo minutuetan neurketako aginte makila eskuratu dute. Hartara, 2-0ekoa sartzetik gertu ibili dira pare bat aldiz, Raul Garciaren eta Susaetaren erremateen bitartez; aitzitik, ez da halakorik gertatu.

Pixkana-pixkana Athleticek atzera egin du, eta Eibarri utzi dio jokoaren agintea. Lehen zatian gertatu legez, ez zirudien armaginek bere nagusitasun horri etekinik ateratzeko moduan egongo zirenik, ez baitute asmatzen izan azken metroetan. Izan ere, Diopek aukera nabarmena izan du 72. minutan, baina gora joan zaio bere ahalegina.

Haatik, handik minutu batera, 73an, berdinketa erdietsi dute. Charlesek Arbillaren pase bat kontrolatu du area ertzean eta baloia astindu du. Jaurtiketak Etxeitari jo dio eta Kike Garciaren oinetara heldu da. Aurrelari armaginak ez du horrako horretan barkatu.

Hortik aurrera, lehia Mendilibarren mutilen aldera eroriko zela zirudien, azken txanpan Athletic baino askoz gehiago izan baitira. Hala ere, zuri-gorriek aukera garbi bat huts egin dute falta jaurtiketa batean. Eibarrek ez du ondo defendatu, eta Beñatek erdiratutako baloia Nuñezen burura iritsi da, baina Portugaletekoak burukada kaskarra eman dio baloiari.

Horren ostean, ordea, Athletic desagertu egin da, eta bere areatik baloiak urruntzen besterik ez da aritu, Eibarren bultzadaren aurrean. Azkenerako, puntu banaketa, baina oso bestelako sentsazioak utzi ditu berdinketak talde bakoitzean: etxekoen aldetik, ezintasuna; Eibartarren aldetik, berriz, gehiago lortu ahal izan dutela.

Fitxa teknikoa:

Athletic 1: Iago Herrerín; Lekue, Unai Núñez, Etxeita, Saborit; Williams, Iturraspe, Mikel Rico (Beñat, 79. min) Susaeta (Vesga, 87. min); Raúl García (Sabin Merino, 70. min) eta Aduriz.

Eibar 1: Dmitrovic; Rubén Peña, Ramis, Arbilla, Junça (Capa, 79. min); Escalante, Pape Diop; Iván Alejo (Charles, 61. min), Orellana, Inui; eta Kike García.

Golak: 1-0, 50. min: Aduriz. 1-1, 73. min: Kike García.

Epailea: Melero López (Andaluzia). Ez du txartelik atera.

Albisteak (3)