Europa Liga
Iñigo Martinez eta Balenziaga, Athleticen bajak Moskurako
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak ostegunean jokatuko du Spartaken aurka Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida. Iñigok ezin du jokatu Realarekin egin zuelako; Balenziagak, min hartuta dagoelako.
Iñigo Martinez, Mikel Balenziaga eta Iker Muniain jokalarien bajak izango ditu Athleticek ostegun honetan Spartak Moskuren aurka jokatuko duen Europa Ligako final-hamaseirenetako partidan.
Athleticek neguko merkatuan fitxatu zuen Iñigo Martinez eta ezin du Europa Liga jokatu, Realarekin jokatu zituelako multzoen faseko partidak. Bestalde, Mikel Balenziaga eta Iker Muniain min hartuta daude. Balenziagak min hartu zuen 2017ko abenduaren 16an Realaren aurkako derbian eta oraindik ez da sendatu. Muniainen kasuan, Europa Ligako multzoen faseko Zoryaren aurkako partidan, irailaren 28an, lesio larria jasan zuen belaunean eta datorren denboraldira arte ez da jokatzeko prest egongo.
Astelehen honetan itzuli da entrenamenduetara Athletic, ostiralean Las Palmasen aurka berdinketa tristea lortu ostean. Asteartean, 9:30ean, lan-saioa egingo du talde zuri-gorriak, ondoren Moskura bidaiatzeko, 12:30ean irtengo den hegaldian. Moskun, partidako egunean, -10 eta -15 gradu bitartean espero dira. Asteazkenean egingo du entrenamendua Athleticek partida jokatuko den zelaian, Otkrytie Arenan, eta 17:45ean prentsaurrekoa eskainiko dute Jose Angel Ziganda entrenatzaileak eta oraindik zehaztu gabe dagoen jokalari batek.
Spartak-Athletic partida 19:00etan jokatuko da, eta partida amaitu ostean hartuko dute itzuliko hegaldia. Ostiraleko 6:30ean iritsiko da Athleticeko espedizioa Bilbora, arratsaldeko 17:00etan entrenamendua egingo du Lezaman, larunbateko 16:00etan beste entrenamendu bat egingo du Lezaman eta Madrilera joango da 19:00etan, igandean Atletico Madrilen aurka jokatzeko, 16:15ean hasiko den partidan.