Europa Liga
Moskuko Spartak taldeko zaleek istiluak sortu dituzte Gasteizen
eitb.eus
Errusiako hiriburuko talde horrek Athleticen aurka jokatu behar du ostegun honetan San Mamesen, Europa Ligako final-hamaseirenetako kanporaketaren itzuliko partidan, hain zuzen ere.
Moskuko Spartak taldeko zaleek istiluak eragin dituzte astelehen iluntzean Gasteizko alde zaharrean.
Antza denez, gutxienez bi zale errusiarrek liskarra eragin dute Aiztogile kaleko Iraultza taldearen —Alaveseko jarraitzaileena— dendan. Errusiako hiriburuko talde horrek Athleticen aurka jokatu behar du ostegun honetan San Mamesen, Europa Ligako final-hamaseirenetako kanporaketaren itzuliko partidan, baina zenbaitek Gasteizen hartu dute ostatu.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, antza denez zale batzuek beren pegatinak itsasi dituzte Alavesekoen gainean eta bertako langileak kargu hartu die. Orduan, zale horiek dendaria jo dute eta, zaurituta, larrialdietara eraman behar izan dute.
Horren ostean, zale errusiarrak lokaletik alde egin dute. Gerora, udaltzainen eta ertzainen presentzia handia izan da alde zaharrean.
Liskar horren ondotik, gaueko bederatziak aldera, ustez Alaveseko Iraultza taldeko 40 lagun inguru gerturatu dira Aiztogile kalera. Hala ere, Udaltzaingoaren esanetan, ez da istilu gehiagorik izan.