Lezaman
Balenziagak eta Ricok lesionatuta jarraitzen dute; Muniain taldekideekin entrenatu da
Erredakzioa
Mikel Balenziagak eta Mikel Ricok sendatze prozesuekin jarraitzen dute, eta baja izango dira Valentziaren aurkako partidan. Iker Muniainek Malagaren aurka jokatu ez zutenekin egin du entrenamendua.
Iker Muniainek Malagaren aurka jokatu ez zuten jokalariekin eta aulkitik atera zirenekin egin du Athleticen entrenamendua astelehen honetan Lezaman. Talde zuri-gorria Valentziaren aurka asteazkenean jokatuko duen neurketa prestatzen ari da.
Muniainek duela bost hilabete jasan zuen belauneko lesio larria Zoryaren aurkako Europa Ligako partidan eta aste batzuk daramatza taldearekin entrenatzen. Bere eboluzioa ona da, eta Jose Angel Ziganda entrenatzaileak duela hamar egun esan zuenez, "ez daukagu presarik Muniainen sendatze prozesuarekin". Martxoan taldearekin lanean hastea espero zuten, eta otsailan hasi da taldeko lana egiten.
Erdilari nafarra baja izango da Valentziaren aurkako partidarako, baita lesionatuta dauden Mikel Balenziaga eta Mikel Rico ere. Balenziagak bi hilabete daramatza min hartuta eta astelehen honetan bakarka entrenatu da. Bestalde, Mikel Ricok bere sendatze prozesuarekin jarraitzen du, ez da zelaira irten eta beste bi aste emango ditu bajan.
Athleticek asteartean egingo du asteko bigarren entrenamendua Lezaman, ateak itxita, arratsaldeko 18:00etan. Lehenago, 17:30ean, Jose Angel Ziganda entrenatzaileak prentsaurrekoa eskainiko du.