Entrenamendua
Balenziaga talde-dinamikara itzuli da
Erredakzioa
Mikel Balenziaga baja izan da azken bi hilabeteetan, lesio baten eraginez. Bajan jarraitzen duen arren, astelehen honetan taldekideekin burutu du entrenamendua.
Athletic lanera itzuli da astelehen honetan eta ostegunean Olympique Marseillaren aurka jokatuko duen Europa Ligako final-zortzirenetako joaneko neurketa prestatzen hasi da. Mikel Balenziaga talde-dinamikara itzuli dela izan da albiste onena.
Sevillaren aurka hasieratik jokatu zuten Yeray Alvarez, Enric Saborit, Mikel San Jose, Iñigo Lekue, Markel Susaeta eta Iñaki Williams ez dira Lezamako zelaira irten, ezta bigarren zatian jokatu zuen Aritz Aduriz ere. Hauek guztiek, Lezamako barruko instalazioetan egin dute lan-saioa.
Entrenaendu lasaia egin du Jose Angel Zigandak zuzentzen duen taldeak eta Mikel Balenziaga, zelairatu diren taldekideekin entrenatzen ibili da. Balenziagak bi hilabete daramatza jokatu gabe lesio baten eraginez eta bajan jarraitzen duen arren, talde-dinamikara itzuli da. Bestalde, Iker Muniain ere normaltasunez entrenatu da, eta bere sendatze-prozesua, bide honetik doa. Mikel Ricok min hartuta jarraitzen du, eta baja da Marseillarako.
Talde zuri-gorriak Lezaman egingo du entrenamendua asteartean, 10:30ean, ateak itxita. Asteazkenean Marseillara abiatuko da Athletic, Loiuko aireportutik 10:30ean irtenda.