Itxi

Igandean, 20:45ean

Athleticek garaipena behar du Leganesen aurka, bere zaleekin adiskidetzeko

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak igandean jokatuko du San Mamesen Madrileko taldearen aurka, 20:45ean.

Iragan denboraldiko Athletic-Leganes partidako irudia. Argazkia: EFE

Athleticek Leganes izango du aurkari igande honetan San Mamesen, 20:45ean. Ostegunean, Europa Ligan 3-1 galdu zuen Olympique Marseillaren aurka final-zortzirenetako joaneko partida Velodromean eta oso itxura kaskarra eman zuen. Zaleak haserre agertu ziren Marseillan taldeak eman zuen itxurarekin eta Zigandak zuzentzen duen taldeak garaipena behar du bere zaleekin adiskidetzeko.

Leganesen aurkako partidan, aldaketak egingo ditu Jose Angel Zigandak; entrenatzaileak atsedena emango die Marseillan hasieratik jokatu zuten zenbait jokarariri. De Marcosek, Beñatek, Yerayk, Susaetak, Williamsek eta Adurizek atsedena har dezakete, datorren osteguneko Europa Ligako itzuliko partidari begira. Mikel San Josek eta Raul Garciak hamaikakoan errepikatuko dute, ezingo baitute Europa Ligako partida jokatu. Kepa Arrizabalaga itzuliko da atepera, Europa Liga jokatu ezin duen Iñigo Martinezek ere hasieratik jokatuko du, eta Lekue, Unai Nuñez, Saborit, Vesga, Iturraspe eta Cordoba jokalariek, aukera asko dituzte hasierako hamaikakoan sartzeko.

Bestalde, Leganes denboraldi ona egiten ari da, eta San Mamesen hiru puntuak lortzeko helburuarekin doa Bilbora. Asier Garitano entrenatzaile duen taldeak ez du etxetik kanpo garaipenik lortu 2017ko urriaren 15ean Malagari irabazi zionetik. Leganesek hiru aldiz jokatu du Athletcen aurka Lehen Mailan eta Madrileko taldeak ez du inoiz galdu zuri-gorrien aurka. Gainera, denboraldi honetako lehen itzulian, 1-0 irabazi zion Leganesek Athletici. Alexander Szymanowskiren, Miguel Angel Gurreroren eta Gabriel Piresen bajak izango ditu Madrileko taldeak.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic: Kepa; Lekue, Unai Núñez, Iñigo Martinez, Saborit; Williams, Iturraspe, Beñat, Cordoba; Raul Garcia, Aduriz.

Leganes: Cuellar; Zaldua, Siovas, Bustinza, Diego Rico; Gumbau, Ruben Perez; El Zhar, Omar Ramos, Eraso; Beauvue.

Epailea: Sanchez Martinez.

Zelaia: San Mames.

Ordua: 20.45ean.

Albisteak (3)