28. jardunaldia
Athletic Leganesi gailendu zaio, eta adorea bereganatu du Marseillaren partidarako
Erredakzioa
Raul Garciak egin ditu, lehen zatian, partidako bi golak; Zigandaren gizonek 35 puntu dituzte, eta 12. postuan kokatu dira.
Athleticek 2-0 irabazi du San Mamesen Leganesen aurkako partidan, Raul Garciak lehen zatian sartutako bi golei esker. Neurketa ez da oso ona izan, baina hiru puntuek balio handia dute zuri-gorrientzat, bai Ligako sailkapena ikusita baita kontuan izanik ostegunean Olympique Marseillaren kontrako hitzordu oso garrantzitsua izango dutela ere.
Emaitza honekin, Athletic 35 punturekin kokatu da sailkapenean; jaitsiera-postuak oso urrun daude, 15 puntura, nahiz eta 18. sailkatuak, Las Palmasek gol-koefizientea alde duten lehoiekin. Bilboko taldea hamabigarren postuan dago; Villarreal, seigarren sailkatua bera, bederatzi puntura dago, eta Girona, zazpigarrena, zortzira. Azken bi talde horiek daude Europarako txartela ematen duten azken tokietan. Nolanahi ere, igande honetako garaipenak beste ikuspegi batetik ere badu balioa; izan ere, lasaitasun pixka bat eman beharko lioke Athletici Olympique Marseillaren aurkako kanporaketari begira. Ostegunean da final-zortzirenetako itzulerako partida, Bilbon, eta etxekoek Frantziako 3-1ekoa irauli beharko dute, aurrera egin ahal izateko.
Bi gol, 17. minuturako
Leganesen aurkako partidan, Athleticek oso goiz lortu du alde polita markagailuan; hain zuzen ere, Raul Garciak 10. eta 17. minutuetan egin ditu bi golak. Lehenengoan, Oscar de Marcosek eskuinetik jarritako baloi on bat baliatu du, buruz, Cuellarren atean kokatzeko, eta bigarrenean, aldiz, area barrutik jaurti du, indartsu, azkar ibili den jokaldi batean.
Atsedenaldira arte, Leganesek baloia izan du, bai eta aukera batzuk ere, baina Kepak erantzun egokia eman du. Zale zuri-gorriek, lehen zatia amaituta, espero zuten lehoiak estu ibil ez zitezen, gerora; lehen 45 minutuetako azken tartean, hala ere, etxekoak pixka bat geldo ibili dira, eta atzealdeko lanetan egin dituzte ahaleginak, batez ere.
Estutasun handirik gabe
Bigarren zatiak, azkenean, nahiz eta Madrilgo taldeak jokaldi arriskutsu batzuk egin dituen lehen minutuetan, ez du estutasun handirik ekarri Zigandaren gizonentzat. Nabarmenena izan da Iñigo Martinezek aldendu behar izan duen baloi bat, atearen aurrean; Cuellarrek, bere aldetik, geldiketa bikaina egin behar izan dio Iturrasperi, azken horren ezkerkada eder baten ostean.
Merezita irabazi du Athleticek, eta Olympiqueren aurkako partida dute lehoiek helburu jada. Gau europar handi bat nahi dute, bai taldeak baita zaleek ere, final-laurdenetan sartzeko.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic: Kepa; De Marcos, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Saborit; San Jose, Beñat; Susaeta (Iturraspe, 58. min), Raul Garcia (Lekue, 82. min), Cordoba (Sabin Merino, 88. min); eta Williams.
0 - Leganes: Cuellar; Zaldua, Siovas, Bustinza, Diego Rico; Gumbau (Brasanac, 46. min), Ruben Perez; El Zhar (Omar Ramos, 58. min), Eraso, Amrabat (Naranjo, 78. Min); eta Beauvue.
Golak: 1-0, 10. min: Raul Garcia. 2-0, 17. min: Raul Garcia.
Epailea: Sanchez Martinez (Murtzia). Txartel horia erakutsi zien Cordobari eta Raul Garciari, eta El Zhari, Zalduari, Ruben Perezi, Siovasi eta Bustinzari. 30.787 ikusle izan dira San Mamesen.