Itxi

1-3

Athleticek garaipena lortu du Vila-realen aurka, partida oso ona jokatuta

eitb.eus

Talde zuri-gorriak 1-3 irabazi du Zeramikaren Estadioan. Cordobak, Williamsek eta Muniainek sartu dituzte Athleticen golak eta Baccak sartu du Vila-realena.

Athleticeko jokalariak Vila-reali sartutako 3 goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Vila-realen aurka (1-3) Zeramikaren Estadioan. Partida ona jokatu du Zigandak zuzentzen duen taldeak eta aurkaria baino gehiago izan da. Athleticek 39 puntu ditu, zazpi puntura du Ligako sailkapeneko zazpigarren postua eta zortzi puntura du seigarren postua.

Talde bizkaitarrak erasokor ekin dio partidari, aurkariari goian presionatuta. Saria jaso du 5. minutuan, Iñigo Cordobaren bitartez (0-1). Williams area barruan sartu da, izkin egin dio Asenjo atezainari, erdiraketa ona egin, eta Cordobak boleaz gola sartu du.

Golaren ostean, Fornals lurrera erori da, eta zelaia utzi behar izan du. Sorianok ordezkatu du aurre-sinkopea jasan duen jokalaria. Vila-real noraezean ibili da Fornalsen zorabioaren ostean, nahiz eta Athletic nagusi izan den  hori gertatu baino lehenago. Baloiaren jabe izan da Zigandak zuzentzen duen taldea eta bigarren gola sartzeko abaguneak sortu ditu. Neurketako 30. minutuan Sergio Asenjo atezainak zuri-gorrien gola eragotzi du, Raul Garciaren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Minutu bat beranduago, San Joseren jaurtiketa kanpora joan da, langa urratuta. Vila-realek ez du abagune bakarra sortu lehen zatian eta atsedenaldira iritsi aurretik Williamsek Athleticen bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina area barruan egon denean Jaume Costari izkin egin nahi izan dio jaurtiketa egin beharrean eta abagunea alferrik galdu du.

Bigarren zatiari ere erasokor ekin dio Athleticek eta 50. minutuan Asenjo atezainak gelditu bikoitza egin du zuri-gorrien gola eragozteko; lehenego Raul Garciaren errematea desbideratu du, eta ondoren De Marcosena. Abagune hori izan eta minutu bat beranduago, bigarren gola sartu du Athleticek; Asenjo atezainak Raul Garciaren jaurtiketa desbideratu du, eta Williamsek sare barrura bidali du aldaratzea (0-2).

Bigarren gola sartu ostean Athleticek nagusi izaten jarraitu du. Vila-real ezinean ibili da, baina 67. minutuan Baccak baloia lapurtu du, area barruan sartu da, eta maisuki gainditu du Kepa atezaina 1-2koa egiteko. Golaren ostean erasora jo du Vila-realek, baina ez du abagune argirik sortu. Gainera, Athletic sendo mantendu da defentsako lanean. Neurketako 78. minutuan Jaume Costa zorabiatu egin da, eta medikuek ez diote berriro zelaira sartzen utzi. Ondorioz, Vila-real jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Norgehiagokako 87. minutuan erabaki du partida talde zuri-gorriak Muniainen golari esker (1-3); Raul Garciak egin du erdiraketa eta Muniainek sare barrura bidali du errematea.

Hirugarren gola sartuta, neurketa erabakita utzi du Athleticek eta Vila-real 9 jokalarirekin geratu da, bigarren txartel horia ikusi baitu Alvarok. Amaieran, Athletic garaile 1-3ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

1 - Vila-real: Asenjo, Rukavina, Alvaro, Bonera (Pau Francisco, m.46), Jaume Costa, Javi Fuego, Trigueros (Cheryshev, m.61), Rodri, Fornals (Soriano, m. 8), Bacca eta Ünal.

3 - Athletic Club: Kepa, De Marcos, Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga (Lekue, m.62), San Jose, Iturraspe, Susaeta (Muniaín, m. 76), Raul Garcia, Cordoba (Mikel Rico, m.89) eta Williams.

Golak: 0-1, m.5: Cordoba. 0-2, m.51: Williams. 1-2, m.67; Bacca. 1-3, m.87: Muniain.

Epailea:
Iglesias Villanueva.

Albisteak (3)