Itxi

Bi baloi zutoinera

Jokorik gabe ibili den Athleticek beste porrot bat pilatu du San Mamesen (1-3)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Raul Garciak hasi eta berehala aurreratu ditu etxekoak, baina Bardhik atsedenaldira heltzear egindako bi golek eta Moralesek 90. minutuan egindako beste batek Levanteri eman dizkiote hiru puntuak.

Raul Garcia eta Bardhi partidako protagonista izan dira. Argazkia: EFE

Athleticek galdu egin du beste behin ere San Mamesen, nahiz eta aurretik jarri den markagailuan Raul Garciak sartutako sekulako golaren bidez. Dena den, Levantek poltsikoratu ditu hiru puntuak Bardhik bata bestearen atzetik faltaz egindako bi goli esker eta Moralesek neurketa amaieran sartutako beste baten bitartez.

Bi taldeek arerioaren area bilatu nahian ekin diote partidari. Horiek izan dira zuri-gorriek lehia osoan izan dituzten minuturik azpimarragarrienak, eta horren adierazle izan da Raul Garciak lortutako gola. Areaz kanpotik aparteko zartakoa eman dio baloiari 30 metro ingurutik, Oier Aranzabalen ateko goiko angelutik barrena bete-betean sartu dena.

Levantek azkar eman du bere erantzuna, Boatengek izan duen aukera bikoitzarekin. Baina lehenengo Kepa, eta, ondoren, Iñigo Martinez azti ibili dira ghanatarraren abaguneak ezerezean uzteko.

Hortik aurrera eta atsedenaldira iritsi bitartean, kanpotarrak goitik behera gailendu dira, Bardhi izanik protagonista nagusiena. Mazedoniarrak markagailua irauli du oso antzekoak izan diren bi falta-jaurtiketetan.

Jaurtiketa biak meritu handikoak izan dira (biak lehenengo zutoinetik sartu dira). Aitzitik, lehendabizikoan, giza-hesia ez zegoen behar bezala kokatuta, eta, bigarrenean, hesian egon diren Williamsek eta Cordobak ez dute behar bezala itxi lekua jauzi egin dutenean.

Aldagelettaik bueltatu eta berehala, Williamsek buelta erdian egindako ahaleginak Athleticen erasoko asmoen aurrerapena eman du. Dena den, Levante izan da, behin eta berriro, kontraerasoen bitartez benetako arriskua sortu duena. Hala egin du batez ere Moralesek, bere lasterraldi ikusgarriekin.

Zuri-gorrien aldetik Raul Garcia izan da jokalaririk saiatuena. Izan ditu aukera batzuk, eta horietako batean baloiak langaren aurka jo du, nafarraren burukada baten ostean. Williamsek ere izan du beste burukada argi bat gola egiteko, baina bere saiakerak Oierren atetik kanpo amaitu du, oso gutxigatik izan bada ere.

Haatik, azkenean Morales izan da bere helburua lortu duena 90. minutuan. Athleticeko hainbat jokalari atzean utzi ditu bere abiadura eta abilezia baliatuta, eta Keparen aurrean geratu denean baloia loratu dio emeki-emeki.

Levanteren hirugarren golaren ondoren, Athleticek aldea murrizteko azken parada alperrik galdu du. Cordobak bigarren zutoinean gogor errematatu du, baina Oierren eta zutoinaren artean, baloia aldentzea lortu dute.

Fitxa teknikoa:

Athletic 1: Kepa; De Marcos, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga (Mikel Rico, 82. min); Susaeta (Sabin Merino, 75. min), Iturraspe (Muniain, 62. min), San Jose, Córdoba; Raul Garcia eta Williams.

Levante 3: Oier; Pedro López (Jason, 78. min), Chema, Postigo, Luna; Coke, Jefferson Lerma, Campaña, Bardhi (Lukic, 70. min); Morales y Boateng (Martí, 83. min).

Golak: 1-0, 8. min: Raul Garcia. 1-1, 42. min: Bardhi. 1-2, 44. min: Bardhi. 1-3, 90. min: Morales.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak: Iturraspe eta Raul Garcia; Bardhi, Lerma eta Jason.

Albisteak (3)