Urrutiak konfirmatu du
Zigandak ez du Athleticen entrenatzaile karguan jarraituko
Leire Etxazarra | eitb.eus
Josu Urrutiak eman du erabakiaren berri, Zigandarekin batera emandako prentsaurrekoan. Biak, presidentea eta entrenatzailea, astelehenean batzartu ziren.
‘Kuko’ Zigandak denboraldiaren amaiera Athleticen entrenatzailea izateari utziko diola konfirmatu du Josu Urrutia klubeko presidenteak, Zigandarekin batera Lezaman emandako prentsaurrekoan.
Urrutiaren adierazpenak ez du inor ezustean harrapatu: "‘Kuko’ ez da lehen taldeko arduradura izango hurrengo denboraldian”, izan da presidenteak bota duen lehen esaldia. Urrutiak eskerrak eman dizkio Zigandari azken zazpi urteetan egindako lanagatik, denboraldi honetan lehen taldean egindakoa barne.
Zigandak, berriz, "momentu tristea" dela onartu du. "Erronka honek garrantzi handia zuen niretzat, baina Josuk esan duen moduan, kluba da garrantzitsuena, eta ez helburu pertsonalak".
Nafarrak azpimarratu egin du "hasieran izandako babesaren zati handi bat" galdu duela, "eta hori, joko eta emaitza txarrei lotuta" egon dela. Egoera horren ondorioz, "ilusia galdu" egin dela onartu du Zigandak.
"Neure buruari zer edo zer aurpegiratu behar badiot, jokalarien onena ateratzeko gai izan ez naizela da, eta Betisen aurkako partidak bezalako gehiago jokatzeko gai ez izatea. Erregulartasun falta horrek egoera honetara ekarri gaitu", azaldu du Zigandak.
Halaber, entrenatzaile zurigorriak azpimarratu egin du "klubaren interesak adiskidetasunaren eta loturen gainetik egon behar dutela".
Hurrengo entrenatzailea
Etorkizunaz aritu denean, Urrutiak ateak zabalik utzi dizkio Zigandari klubera itzultzeko, baina bestelako zehaztasunik eman barik.
Entrenatzailea berria nor izango den galdetu diotenean, presidenteak gauza bakarra esan du, "profila oso argi" dutela, eta profil horretan izen bat baino gehiago sartzen direla. Eduardo Berizzo aipatu diotenean, Urrutiak ez du ezer argitu: "Entrenatzailea fitxatzeko orduan, Athleticek ez du mugarik, jokalariekin gertatzen den bezala, eta izen asko eman daitezke".
Ziganda "Egoera txarrak ez dira aitzakiak; nahi duzun hori lortzen ez baduzu, ez da jokalariek nahi ez dutelako." #athlive
— Athletic Club (@athletic_eus) 10 de mayo de 2018