Azken jardunaldia
Athleticek, Eibarrek eta Realak, igandean esango diote agur denboraldiari
eitb.eus
Zuri-gorriek Espanyol hartuko dute, 16:15ean; armaginek Atletico Madrilen aurka jokatuko dute Wandan, 18:30ean; txuri-urdinek Bartzelona izango dute aurkari Camp Noun, 20:45ean.
Athleticek, Eibarrek eta Realak, igande honetan esango diote agur 2017-2018. denboraldiari, LaLigako 38. eta azken jardunaldiko partidak jokatuta.
Zuri-gorriek Espanyol izango dute aurkari San Mamesen, 16:15ean. Zigandaren azken partida izango da Athleticeko entrenatzaile karguan eta deialdian berritasunak dira harrobiko Vivian San Bartolome eta Victor. Bestalde, baja dira. Iñigo Martinez, Raul Garcia, San Jose, Balenziaga, Rico, Saborit eta Kike Sola.
Eibarrek Atletico Madril Europa Ligako txapelduna izango du aurkari Wanda Metropolitanon, 18:30ean. Armaginen deialdiko berritasunak dira Anaitz Arbilla eta Sergi Enrich. Arbilla eta Enrich min hartuta egon dira, baina jokatzeko prest daude jada.
Azkenik, Realak Bartzelonaren aurka jokatuko du, 20:45ean. Camp Nou izango da eskenatokia Andres Iniestaren eta Xabi Prietoren agurretan.