Itxi

2. garaipena etxetik kanpo

Levante-Athletic (1-2): Zortea, zuri-gorrien alde

Sara Lavado

Erredakzioa

Caparrosen gizonek partida kaskarra jokatu dute Ciudad de Valencian garaipena merezi izan duen Levanteren aurka, baina Gabilondo eta Javi Martinezen golekin 25 puntu ditu dagoeneko Athleticek.

Partida kaskarra eta hiru puntu. Athleticek ezinezkoa zirudien garaipena lortu du Ciudad de Valencian (1-2). Zortea alde izan dute eta Gabilondo eta Javi Martinezen golei esker urrezko garaipena batu dute.

Athleticen hasiera ahula izan da eta Levantek, bost minututan, hiru korner atera ditu jarraian. Baina Igor Gabilondok 9. minutuan sartutako golarekin markagailuan aurreratu da taldea. Añorgakoak gol ikusgarria lortu du zuzeneko falta batean. David Lopezek Espanyoli egindakoaren oso antzekoa izan da.

Baina pozak gutxi iraun die zuri-gorrieI. 20. minutuan partida berdindu du Caicedok Gorka Iraizozen irteera txarra baliatuta, botaren puntakorekin (1-1). Une horretan hasi da Athleticen "krisia", abantaila kudeatu ezinik: ideia eta jokorik gabe eta akats ugarirekin. Gainera aldaketa eskatu du Llorentek, min hartuta. Caparrosenak ez ziren suspertzeko gai eta Levante bigarrenaren bila ari ziren behin eta berriro, arrisku handiarekin gainera. Atsedenaldian, 1-1.

Ez du hobetu bigarren zatian Bilboko taldeak. Guztiz kontrakoa. Levantek 2-1ekoa merezi zuen, saiatu da eta gutxigatik ez du lortu. Baina 72.ean garaipenaren gola egin du Javi Martinezek. Orbaizek falta bat jaurti eta nafarrak buruz errematatu du. Egoera erabat aldatu da. Levante urduri jarri da eta Athleticek partida hiltzea zuen helburu.

81.ean Gonzalez Gonzalez epaileak baliorik gabe utzi du Levanteren bigarren gola. Zalantzazko erabakia izan da, baina bizkaitarren onurarako. Azken minutuetan gol aukera izan dute Juanfranek eta Caicedok, baina azkenean Athleticek eskuratu ditu puntuak. 25 ditu dagoeneko.

Fitxa teknikoa:

1 - Levante: Reina, Javi Venta, Ballesteros, Nano, Juanfran, Xavi Torres, Pallardo (Sergio, 76''), Xisco Nadal (Xisco Muñoz, 62''), Ruben (Stuani, 73''), Juanlu eta Caicedo.

2 - Athletic Club: Iraizoz, Iraola, Ustaritz, Aitor Ocio, Castillo, Orbaiz (Iturraspe, 87''), Gurpegui, David Lopez (Susaeta, 54''), Javi Martinez, Gabilondo eta Llorente (Toquero, 18'').

Golak:

0-1, 10'': Gabilondo.

1-1, 21'': Caicedo.

1-2, 73'': Javi Martinez.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en