Agurra
Keparen agur eskutitza Athleticentzat eta zale zuri-gorrientzat
eitb.eus
Kepa Arrizabalaga Chelseako atezaina da jada. Atezainak Athletic eta zaleak agurtu ditu Twitter sarean duen kontuan publikatu duen eskutitz batekin.
Kepa Arrizabalaga Chelseako atezaina da jada. Ondarroarrak eskutitz baten bitartez esan die agur Athletici eta zale zuri-gorriei. Besteak beste, sentsazio kontrajarriak dituela, berarentzat aukera onena Chelseara joatea zela eta beti Athleticekoa izango dela esan du, eta eskerrak eman ditu.
"Gaur etxetik ateratzeko eguna heldu da, Athleticetik ateratzekoa. Sentsazio kontrajarri askoko eguna, 9 urte neuzkanetik pertsona eta jokalari moduan hezi nauen klubaren parte izaten uztearren eta txikitatik jarraitzaile izan naizen, gaur egun naizen eta beti izango naizen kluba uztearren", idatziz ekin dio Kepak eskutitzari.
Ondoren, Chelseara joateko erabakiari buruz aritu da: "Badakit Athleticeko zale batzuek nire erabakia ulertuko dutela eta beste batzuek ez. Baina, jakin dezazuen erabakia lasaitasunez eta erantzukizunetik hartu dudala. Ez da erraza hainbeste lan, hainbeste esfortzu, hainbeste esperientzia eta dedikazio behar izan duen txikitako ametsa uztea. Baina futbol profesionalean norberaren erronkei aurre egiteko eta norberaren ibilbidea jarraitzeko, batzuetan pausoak eman behar dira. Egoera aztertu ostean, niretzako momentu honetan Chelseakoa aukera hoberena dela uste dut. Horrek ez du esan nahi orain dela hamabost urtetik Athletici esker jasotako baloreak ahaztuko ditudanik".
Ondarroako atezainak kluba eta taldekideak ere hartu ditu gogoan: "Horregatik, esker oneko hitzak baino ez ditut Athletic eta Athleticzale guztientzat. Eskerrak eman nahi dizkiot, lehenik, Athletici, erakutsitako maitasun, errespetu eta baloreak nirekin eramango ditudalako beti. Jarraian, urte hauetan guztietan izandako taldekide guztiei, baina batez ere gaur aldagela horretan uzten ditudanei, onenak baitira. Baita klubeko langile guztiei ere, eurek egiten baitute, itzalean, oraindik handiago entitatea".
"Eta azkenik, eskerrak afizio guztiari. San Mames zapaldu dudan bakoitzean pribilegiatu bat sentitu naiz eta zuen maitasuna eta indarra heldu zait. Sentiarazi didazuen guztiagatik beti egongo naiz zorretan zuekin. Eskerrik asko eta laster arte. Aupa Athletic!", izan dira Kepak agur eskutitzean idatzi dituen azken hitzak.