0-3
Vila-realek garaipen argia lortu du San Mamesen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zuri-gorriek denboraldiko lehen porrota jaso dute, aurkariaren lehen golaren ostean erreakzionatzeko ahalmen gutxi erakutsi duten partidan.
Vila-realek lehen aldiz irabazi du San Mames zelai berrian (0-3) Pablo Fornalsen kalitatearen eskutik. Bera izan da bere taldearen lehen gola sartu duena, areaz kanpotik egin duen jaurtiketa ikusgarri baten bitartez.
Castelloneko erdilariak jaurtiketa loratu bat egin du 30 metro ingurutik, 65. minutuan, eta horren aurrean ezin izan duen ezer egin Unai Simonek. Lehen gol horren atzetik heldu dira kanpotarren beste biak, talde zuri-gorriaren ezintasunaren aurrean.
Ramiro Funes Mori argentinarrak korner batean buruz sartu du bigarrena. Jokaldi eztabaidatsua izan da, bideo-arbitrajearen beharra izan baitu epaileak; izan ere, Funes Morik jauzi egin duenean Iñigo Martinezi falta egin ote dion ematen zuen, baina epaileek ez dute hala erabaki.
Hirugarren gola kontraeraso baten bitartez gauzatu dute Vila-realekoek, Toko Ekambi aurrelari frantziarrak bere abiadura eta indarra baliatu ditu Unai Nuñez defentsa atzean utzi eta Athleticen atezaina gainditzeko.
Garaipen argia eskuratu dute bisitariek markagailuari dagokionez, baina gehiegizkoa agian norgehiagokaren lehen orduan zelai gainean ikusitakoagatik. Tarte horretan, Vila-real ez da Athletic baino gehiago izan; are gehiago, zuri-gorriek bigarren zatiko hastapenean izan dituzte neurketako beren aukera nabarmenenak.
Yuri Berchiche ezker hegaletik barneratu da, eta zarauztarrak area barruan egindako ahaleginak Asenjoren erantzuna aurkitu du. Ia jarraian, Williamsek buruz errematatu du korner bat, eta Sergio Asenjo Vila-realen atezainak besoarekin alderatu du, ia nahigabe.
Aitzitik, talde horiaren lehen gola jaso ostean, Athleticek ez du aurkitu lehia berdintzeko modurik, eta, kontrara, bisitariek aukera garbiak pilatu dituzte. Besteak beste, asko nabarmendu den Gerard aurrelariak bi abagune izan ditu, baina lehendabizikoan Unai Nuñez argi ibili da arriskua aldentzeko, eta, bigarrenean, Simonek gelditu ona egin dio katalanari.
Hala ere, esan bezala, korner batean Javi Callejaren mutilek bigarren gola lortu dute (Funes Mori, 80. min), eta, partida amaitzear zegoela, Ekambi frantziarrak castelloarren garaipena biribildu duen hirugarrena erdietsi du.
Emaitza horrekin Athletic sailkapenaren erdialdean geratu da, sei punturekin; Vila-realek, berriz, zortzi pilatu ditu.
Fitxa teknikoa:
Athletic 0: Unai Simon; De Marcos (Guruzeta, 82. min), Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche; Iturraspe (Unai Lopez, 66. min), Beñat, Muniain; Capa, Raul Garcia (Córdoba, 69. min) eta Williams.
Vila-real 3: Asenjo; Mario, Alvaro, Victor Ruiz, Jaume Costa; Funes Mori, Layun (Cazorla, 63. min), Trigueros, Pablo Fornals; Gerard Moreno (Pedraza, 87. min) eta Bacca (Ekambi, 59. min).
Golak: 0-1, 65. min: Fornals. 0-2, 80. min: Funes Mori. 0-3, 89. min: Ekambi.
Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: De Marcos (73. min); Victor Ruiz (76. min).