11. jardunaldia
Athleticek galdu egin du Espanyolen aurka beste partida txar bat jokatuta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Borja Iglesias etxekoen aurrelariak lehen zatia amaitzear zela sartu duen gola nahikoa izan da partida katalanen alde erabakitzeko.
Athleticek 1-0 galdu du Espanyolen etxean, eta esku hutsik itzuli da beste behin katalanen zelaitik, non 20 urte daramatzan irabazi gabe. Horrenbestez, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera geratu da Berizzoren taldea, 10 norgehiagoka garaipenik lortu gabe kateatu ostean.
Norgehiagokaren hasieran, faltak eta erdiraketa antzuak izan dira nagusi talde bien partetik. Alabaina, berehala heldu da lehen eragozpena bilbotarrentzat, 17. minutan Yerayk zelaia utzi behar izan baitu lesionatuta. Haren ordez Unai Nuñez zelairatu da.
Partidaren lehen ordu erdia pasata iritsi da lehiako lehen aukera, eta etxekoen aldekoa izan da, hain zuzen ere. Sergio Garciak ez du asmatu Iago Herrerinen aurrean, bere errematea eme-eme harrapatu baitu atezain zuri-gorriak.
Norgehiagoka trabatuta zegoen, baina jokaldi solte batean etxekoak aurretik jarri dira. Baloia Espanyolen ezker hegalera iritsi da 42. minutuan, eta bertan zegoen Didacek baloia bigarren zutoinera erdiratu du, han zegoen Borja Iglesiasek buruz sare barrura erremata zezan.
Kolpe horren aurrean, Athleticek ez du amore eman. Hala, justu hurrengo jokaldian, Iñaki Williamsek hiru aurkari utzi ditu atzean, baina bere ahaleginak zutoinaren aurka jo du. Ondoren, lehen zatiaren luzapenean, Raul Garcia saiatu da areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin, baina Diego Lopez atezainak gelditu ona egin dio.
Aldageletatik bueltan Espanyol gehiago izan da, eta aukera garbiak pilatu ditu Berizzoren taldearen ezinaren aurrean. Besteak beste, 53. minutuan Sergi Garciari kanpora joan zaio baloi loratu bat atezaina gaindituta zegoela.
Handik gutxira, Darder eta Borja Iglesiasek ez dute azken metroetan asmatu beste abagune garbi batean.
Athletic saiatu da sakatzen, arriskutsuak izan zitezkeen zenbait hurbilketa izan baititu, baina oso sendo jardun duen etxekoen defentsak ezerezean utzi ditu.
Fitxa teknikoa:
RCD Espanyol 1: Diego Lopez; Javi Lopez, David Lopez, Hermoso, Didac; Darder, Marc Roca, Granero (Victor Sanchez, 87. min); Sergio Garcia (Puado, 78. min), Baptistao (Piatti, 64. min) eta Borja Iglesias.
Athletic 0: Herrerin; De Marcos, Yeray (Unai Nuñez, 17. min), Iñigo Martinez, Yuri; Daniel Garcia; Williams, San Jose, Rico (Muniain, 63. min), Raul Garcia eta Aduriz (Susaeta, 70. min).
Gola: 1-0, 42. min: Borja Iglesias.
Epailea: González Fuertes. Txartel horiak: Granero (Espanyol); San Jose, Dani Garcia eta Unai Núñez (Athletic).