Gaur, 21:00etan
Garaipen gosez egingo diote aurre zuri-gorriek Levanteri
ERREDAKZIOA | AGENTZIAK
Bolada txarra iraultzeko asmoarekin abiatuko da Athletic Valentziara, neurketa bakoitza erabakigarria izango baita jaitsiera postuetatik atera ahal izateko.
Garaipen gosez egingo diote aurre zuri-gorriek Levanteri gaur, astelehenean, 21:00ean Ciutat de Valencia zelaian. Helburu ezberdinekin neurtuko dira biak ala biak; alde batetik, Berizzoren taldeak garaipen bat eskuratu behar du ahalik eta arinen egoera irauli ahal izateko, eta Levantek bestetik, hiru partida daramatza jarraian irabazi gabe.
Athleticek sailkapenean ez itotzea espero du, jaitsiera postuek larritasuna helarazten hasiak baitira, eta hiru puntuek arnasaldi oparo bat suposatuko lukete lehen mailan jokatzen jarraitzeko aukerak handituz.
Talde bilbotarrak Aritz Adurizek zelai honetan egindako golen abileziari eutsi nahi dio, neurketa honi konfiantzaz begiratzeko, aurrelariak zortzi gol egin baititu Ligan zelai honetan.
Bolada txarra iraultzeko asmoarekin, entrenatzaile zuri-gorriak hiru erdilarirekin osatutako sistemaren alde egingo omen du aurkariaren abiadura geldotzeko nahiarekin; bereziki, Jose Luis Moralesena.
Jarraipena eman nahi dio Berizzok asteazkenean Kopan Huescaren aurka (4-0) egindako balentriari, eta ondorioz, horrek eragindako arnasaldiari, horixe izan baita afizioari eskainitako denboraldiko poztasunik handiena orain arte.
Deialdiari dagokionez, Gorka Guruzeta gaztea ez da sartu, nahiz eta Huescaren aurkakoan hamaikakoan egon. Entrenatzaile zuri-gorriak Yuri Berchichek jokatzea nahi du, baina Ligako zigorra dela medio, aurkeztutako helegitearen inguruan hausnartzeko KAEA-k (Kirol Arbitrajearen Espainiako Auzitegiak) oraindik bildu ez denez, jokalaria zarauztarrak ezin izango du partida jokatu.
Helegiteak aurrera egingo ez balu, Ander Capa sartuko litzateke hamaikakoan eta Oscar De Marcos ezker hegalera mugituko litzateke, entrenatzaile argentinarrak egindako simulazioaren gisa.
Bestalde, Ligako partida izanik, Iago Herrerin hamaikakora itzuliko da eta Berizzok ziurtatu zuenez, zelai erdialdean Mikel San Jose, Beñat Etxebarria eta Iker Muniain bere horretan mantenduko ditu.
Hamaikako posibleak:
Levante: Oier, Jason edo Coke, Cabaco, Rober, Chema, Toño, Campaña, Bardhi, Rochina, Morales eta Roger.
Athletic Club: Iago Herrerin; Capa, Unai Nuñez, Nolaskoain, Iñigo Martinez, De Marcos; San Jose, Beñat, Muniain; Williams eta Aduriz.
Epailea: Jaime Latre
Zelaia: Ciutat de Valencia