15. JARDUNALDIA
Luzapenean sartutako penalti batek eman dio garaipena Athletici
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aritz Adurizek ez du barkatu gaueko protagonista izan den Iraizoizen aurrean, eta zuri-gorriek berebiziko garrantzia duten hiru puntu eskuratu dituzte.
Aritz Adurizek partidaren luzapenean sartu duen penalti batek garaipena oso garrantzitsua eman dio Athletici (1-0) Gironaren aurka San Mamesen, Gaizka Garitanok Ligan zuri-gorrien lehen taldea zuzentzen egin duen debutean.
Bere taldearentzat zein beharrezkoa den erakutsi du beste behin Adurizek, une erabakigarrian azaldu baita Jonas Ramalhok Iker Muniaini egin dion penaltia sartzeko.
Hain justu ere, penalti puntutik besterik ezin izan dute gainditu zuri-gorriek Gorka Iraizoz Girona taldeko atezaina. Izan ere, nafarrak gutxienez sei gelditu ikusgarri egin ditu (horietako hiru, apartak) bere taldekide ohien saiakeren aurrean.
Astelehen honetan irabazitako norgehiagokari esker, bilbotarrak 14 punturekin jarri dira, eta, bide batez, eten egin dute garaipenenik lortu ezinda egin duten 13 jardunaldiko zorigaiztoko bolada, euren historiako txarrena.
Athleticek oso ondo ekin dio neurketari, San Mamesen bildu diren zaleen animoen bultzadarekin, baina Iraizozek bereganatu du protagonismo nagusia lehiaren hastapenetik. Atezain nafarra hiru aldiz azaldu da hasierako 15 minutuetan etxekoen abagune garbiak zapuzteko. Horietako lehena izugarria izan da, Williamsen jaurtiketak ate barruan amaitu behar zuela baitzirudien, baina Irazoizek kornerrera aldentzea lortu du.
Hurrengo biak Adurizen ahaleginak izan dira, baina katalanen atea zaintzeko arduradunak gelditu ederrak egin ditu aukera batean zein bestean.
Geroago, 19. minutuan, Gironakoen lehen kontraerasoan, Stuanik gola sartu du, Nuñezek irrist egin ostean Portuk eman dion pase bat sareratuta. Alabaina, uruguaitarrak eskua erabili du baloia kontrolatzeko, eta, hasiera batean Prieto Iglesias epaileak gola ontzat eman badu ere, baliogabetu egin du, VAR teknologia kontsultatu eta gero.
Lehen zatian agertu duten presioari, intentsitateari eta erremateei jarraipena eman diete etxekoek bigarrenean ere, baina Irazoizek bere taldekide ohien aurrean eraiki duen hesiarekin egin dute topo behin eta berriz Garitanoren mutilek.
Lehendabizikoan, Capak eskuinaldetik egindako barneraldi zorrotz batean, zuloak itxi dizkio Portugaletekoari. Ondoren, Beñatek ateratako enegarren kornerrean, Yerayren burukada atepetik atera du.
Bitartean, Girona atzean sartuta zegoen, bai Athleticen hutsaren zain, bai jokalari zuri-gorriak noiz urdurituko ziren esperoan, egun duten egoera zailaren ondorioz. Aitzitik, zorionez ez da halakorik gertatu, eta bilbotarrek ekinean jarraitu dute aukera gehiago sortuz.
Aukerarik argienean, Iraizozek egundoko erantzuna eman dio Adurizen burukadari. Aurrelari zuri-gorriaren ahaleginak zutoina jo du, baina aurretik atezainak atzamar puntekin lortu du desbideratzea.
Athleticen eginahalek sari gisa berdinketa soilik ekarriko zutela zirudienean, epaileak penaltiarekin zigortu du Ramalhok area barruan Muniani egin dion sarrera. Esan bezala, Adurizek ez du barkatu penalti puntutik, eta lasaitu ederra eraman du San Mameseko harmailetara, aspaldiko partez.
Fitxa teknikoa:
Athletic 1: Iago Herrerin, Capa, Yeray, Unai Nuñez, De Marcos, Williams (Susaeta, 61. min), Dani Garcia, Beñat (San Jose, 75. min), Cordoba (Muniain, 82. min), Raul Garcia eta Aduriz.
Girona 0: Iraizoz, Pedro Porro, Ramalho, Bernardo, Juanpe, Granell, Pere Pons, Aleix Garcia (Douglas Luiz, 62. min); Borja Garcia, Portu (Lozano, 71. min) eta Stuani (Doumbia, 89. min).
Golak: 1-0, 91. min, Aduriz (penaltiz).
Epailea: Prieto Iglesias. Txartel horiak: Beñat, Nuñez eta Capa (Athletic); Juanpe (Girona).