2018KO HAUTESKUNDEAK
Uribe-Echevarria eta Elizegi hautagai ofizial bihurtu dira
eitb.eus
Hauteskunde Batzordeak ontzat eman ditu Uribe-Echevarriaren 3.972 sinadura eta Elizegiren 2.942.
Alberto Uribe-Echevarria eta Aitor Elizegi Athleticeko presidente berri izateko hautagai ofizial bihurtu dira.
Joan zen ostiralean, talde zuri-gorriko hauteskundeetan jardun ahal izateko bazkideen gutxieneko sinadura kopurua aurkeztu ostean, hautagaitza biak balekoak direla eman du jakitera Hauteskunde Batzordeak asteazken honetan.
Hautagaiek, gutxienez, 2.069 sinadura aurkezteko betebeharra zuten, hau da, klubak dituen bazkide kopuruaren % 5.
Klubak ohar baten bidez jakitera eman duenaren arabera, Uribe-Echevarriak 4.025 sinadura aurkeztu zituen, eta horietako 3.972 eman ditu balekotzat Hauteskunde Batzordeak. Elizegiri dagokionez, 3.123 sinadura aurkeztu zituen, eta horietako 2.942 izan dira balekoak.
Horrenbestez, hemendik aurrera benetako hauteskunde kanpaina abiatuko dute bi hautagaiek, abenduaren 27an egun erabakigarria izango duena. Hain justu ere, egun horretan ezagutuko da Athleticen 32. presidentea nor izango den.