SAN MAMES, 20:45
Athletic, Garitanorekin izandako hobekuntza berrestera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Valladolid izango dute aurkari zuri-gorriek, bisitari gisa ondoen moldatzen den Ligako taldeetako bat; izan ere, 12 puntu lortu baititu dagoeneko etxetik kanpo.
Athleticek Valladoliden bisita hartuko du larunbat honetan San Mamesen. Gaztelar-leondarrak oso talde arriskutsua dira etxetik kanpo aritzen direnean, dagoeneko 12 puntu bereganatu baitituzte euren zelaitik urruti.
Garitanok Athletic zuzentzen daramatzan hiru partidetan ez du oraindik galdu, eta Eduardo Berizzok aurreko hamabostetan lortu zuen adina garaipen eskuratu ditu dagoeneko: bi. Bata Ligan eta bestea Kopan.
Hain zuzen ere, Ligan duela bi aste Gironaren aurka erdietsitako garaipen hori erreferentzia gisa erabili nahi du talde zuri-gorriak urteko azken partida aurrera ateratzeko. Izan ere, nahiz eta 1-0 irabazi zuen luzapenean zalantzazko penalti baten bidez, arerioa baino gehiago izan zen lehian zehar eta alde handiagoarekin irabaztea merezi izan zuen.
Hori dela eta, itxura guztien arabera, Garitanok antzeko hamaikakoa erabiliko du, atzean hutsunerik utziko ez duen talde ordenatua plazaratzeko asmoz. Baloia mugitzerako garaian ez dute arriskurik hartuko, bi hegal sakon erabiliko ditu eta Raul Garcia eta Aritz Aduriz aurrean izango dira.
Bestalde, Valladolidentzat neurketa zaila da larunbat honetakoa, ez baitu Athleticen zelaian duela 14 urtetik irabazi. Gainera, hiru aldiz besterik ez da gailendu Bilbon jokatu dituen 42 partidetan.
Aipatu norgehiagokarako Sergi Gonzalez entrenatzaileak ezingo ditu Duje Cop, Ivi Lopez eta Luismi erabili.
Balizko hamaikakoak:
Athletic Club: Iago Herrerín, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche, Williams, Dani Garcia, Beñat, Cordoba; Raul Garcia eta Aduriz.
Valladolid: Masip, Antoñito edo Javi Moyano, Calero, Kiko Olivas, Nacho, Keko, Alcaraz, Michel, Toni; Oscar Plano eta Ünal.
Epailea: Juan Martinez Munuera.
Futbol-zelaia: San Mamés.
Ordua: 20:45.