2018ko HAUTESKUNDEAK
Aitor Elizegi da Athleticeko presidente berria
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Enpresari santutxuarrak 85 botoko aldearekin irabazi du, eta, horrenbestez, klub zuri-gorriaren historiako 32. agintaria izango da datozen lau urteetan.
Aitor Elizegi izango da Athleticeko presidentea datozen lau urteetan berak irabazi baititu ostegun honetan klub zuri-gorriak egin dituen hauteskundeak. Enpresari santutxuarrak 9.264 (% 47,90) bazkideren babesa lortu du, hau da, bere aurkaria zen Alberto Uribe-Echevarriak baino 85 boto gehiago. Izan ere, aurreko zuzendaritzako kontulariaren alde 9.179 (% 47,46) bazkidek egin dute hautua.
Horrez gain, 781 boto zuri egon dira (% 4,04) eta 166 baliogabe (% 0,60)
EMAITZAK
— Athletic Club (@athletic_eus) 27 de diciembre de 2018
Aitor Elizegi %47,90
Alberto Uribe-Echevarría %47,46
Zuriz %4,04
Baliogabea %0,60#AthleticClub #Hauteskundeak2018 pic.twitter.com/wavWqzynV1
Horrenbestez, Elizegi klub zuri-gorriaren historiako 32. agintaria izango da datozen lau urteetan, eta 2011. urtetik zeregin horretan ibili den Josu Urrutiaren lekua hartuko du.
%46ko partaidetza
Athleticeko 2018ko hauteskundeek % 46ko partaidetza izan dute egunean zehar, bozkatzeko eskubidea zuten 41.354 bazkideen artetik 19.060 bazkidek eman baitute euren boza. Horiei posta bidez bozkatu dutenen bozak batu behar zaizkie (280).
Nahiz eta hauteskunde hauetan 2011n baino 7.494 bazkide gehiagok izan duten beren iritzia agertzeko aukera, azken hiru hauteskundeetan izan den parte-hartze txikiena egon da. Hala, 2011n, Josu Urrutia presidente hautatu zutenean, partaidetza % 62koa izan zen. 2007an, berriz, Fernando Garcia Macuak irabazi zituen hauteskundeetan, parte-hartzea % 51ra iritsi zen.
Kirol arloa
Aitor Elizegik hauteskunde-kanpainan zehar azaldu duenez, Alkorta eta Ayarza ditu arlo honetan bidelagun, biak ala biak Athleticeko jokalari ohiak, eta Lezama gidatzeko ardura hartuko dutenak. Bestalde, kirol arloa Ricardo Hernani, Oscar Beristain eta Oscar Arcekin osatuko dute. Azpimarragarria dugu ere, Manolo Delgado, prestatzaile fisiko ohia, kanpo-harremanetan arituko dela bere hautagaitzaren barnean.
Lezama
Elizegiren hitzetan, "osasun asko ikusten dut Bizkaiko harrobiko futbolean eta instalazio hobeak". Gainera, jokalari asko hezitzen daudela azpimarratu du. Bere proposamen aipagarrienen artean honakoa dugu: talde zuri-gorriaren eragin eta indarra beste kirol batzuetarako zabaltzea". Horrekin batera, saskibaloia adierazi du gako harreman honen gako gisa, zera azalduz: "Ziur naiz Athleticek Bilbao Basketi laguntzeko bidearekin bat egingo duela".
Arlo ekonomikoa
Bai, Athletic! Bai, Elizegi! taldearen proposamen ekonomikoaren baitan, Athletic marka sustatu nahi du taldearen diru-sarrerak handitzeko bidean. Juan Carlos Ercorekak zuzenduko duen Athletic Fundazioa ere bere proposamenaren ardatz nagusietako bat da. Ercorekarekin batera gainera, Gontzal Suances jokalari eta entrenatzaile ohia izango du kirol-aholkulari lanetan.