ERREGE KOPA
Athleticen eta Sevillaren arteko lehen neurketa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbotarrek eta sevillarrek hiru aldiz jokatuko dute elkarren aurka zazpi egunen buruan.
Athleticen eta Sevillaren arteko Kopako final-zortzirenetako joaneko partida hartuko du San Mamesek gaur, ostegunean, 19:30etik aurrera. Neurketa hori bi taldeek zazpi egunen buruan elkarren aurka jokatuko duten hiru norgehiagoketako lehena izango da (Kopan bi, aste barruan, eta Ligan bat, asteburuan).
Zuri-gorriek baikor ekingo diote lehia horri, astelehenean Celtaren aurka erdietsi zuten garaipenaren ostean (1-2). Vigon lortutako hiru puntuei esker jaitsiera postuetatik atera dira Gaizka Garitanoren mutilak, bost jardunaldi zuloan murgilduta igaro eta gero.
Itxura guztien arabera, Athleticen entrenatzaileak aldaketa ugari egingo ditu hamaikakoan. Hartara, Balaidosen aulkian egon zirenek (Unai Simon, Mikel San Jose, Markel Susaeta, Peru Nolaskoain edo Aritz Aduriz) edota bertan jokatzerik izan ez zutenek (Yeray Alvarez) hasieratik aritzeko aukerak izan ditzakete oraingoan.
Beste berritasunetako bat Iñigo Vicente gaztea izan daiteke. Garitanok prentsaurrekoan aurreratu duenez, deialdian sartuko du eta baliteke bere aukera izatea harrobiko futbolariak, hasieratik ez bada ere.
Zuri-gorrien aldetik hainbat jokalari daude lesionatuta; izan ere, dagoeneko min hartuta zebiltzan Iñigo Lekueri eta Mikel Ricori Yuri Berchiche eta Raul Garcia gehitu zaizkiela jakinarazi du Athleticek ohar baten bidez.
Horrez gain, ez da segurua Dani Garcia eta Iñaki Williams jokatzeko moduan izango direnik, min hartuta bukatu baitzuten Celtaren kontrako neurketa.
Sevillari dagokionez, sasoiko helduko da Bilbora, hirugarren baitago sailkatuta Ligan.
Dena dela, San Mames ez da zelai kuttuna andaluziarrentzat, bertan jokatu duten azken hamabi partidetatik bederatzi galdu baitituzte. Lortutako garaipen horiek 2008/2009 (1-2) eta 2009/2010 (0-4) denboraldietan heldu ziren, Ligan. Hirugarren garaipena 2016an eskuratutakoa izan zen (1-2), Europa Ligako final-laurdenetan, hain zuzen ere.
Balizko hamaikakoak:
Athletic: Unai Simon, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Balenziaga, Susaeta, San Jose, Nolaskoain, Iñigo Vicente, Muniain eta Aduriz.
Sevilla: Vaclik, Gnagnon, Carriço, Sergi Gomez, Jesus Navas, Sarabia, Amadou, Franco Vazquez, Escudero, Ben Yedder eta Andre Silva edo Promes.
Epailea: Carlos del Cerro Grande.
Futbol-zelaia: San Mames.
Ordua: 19:30.