Errege Kopa 1/8
Athletic, mirariaren bila Sanchez Pizjuanera
eitb.eus
Talde zuri-gorriak Sevillaren aurka jokatuko du Kopako final-zortzirenetako itzuliko partida etxean 1-3 galdu eta gero. Garitanok aldaketa asko egingo ditu.
Athleticek Sevillaren aurka jokatuko du gaur Errege Kopako final-zortzirenetako itzuliko partida Sanchez Pizjuanen, 20:30ean. Joaneko neurketa 1-3 galdu zuen talde zuri-gorriak.
Talde bizkaitarraren egoerak hobera egin du Ligan, baina oraindik jaitsieratik 3 puntura dago. Hau dela eta, Gaizka Garitano entrenatzaileak aldaketa asko egingo ditu hamaikakoan, Ligan igandean atera zuen taldearekin alderatuta.
Athleticek Pizjuanen aterako duen hamaikakoaren berritasun nagusia Unai Lopez izango da. Erdilaria Rayo Vallecanora utzita joatekoa zen neguko merkatuan, baina operazioa gelditu egin da, Athleticek ez baitu nahi mailari eusteko aurkari zuzena den talde bat indartu. Gainera, Gaizka Garitanok hasieratik jokatzeko aukera emango dio Sevillaren aurka asteazken honetan.
Unai Simon izango da atezaina Sanchez Pizjuaneko partidan, defentsako lerroa De Marcosek, Nuñezek, Nolaskoainek eta Balenziagak osatuko dute, zelai erdian San Jose eta Iturraspe egongo dira, hegaletan Susaetak eta Ibai Gomezek lagunduta, Unai Lopezek jokatuko du punta-erdi postuan, eta Guruzeta izango da aurrelaria.
Bestalde, Sevillak ere aldaketa asko egingo ditu hamaikakoan. Munir El Haddadik hasieratik jokatuko du Ben Yedderren edo Andre Silvaren ordez. San Mamesen, Ligan, minutu batzuk jokatu zituen jada. Zigortuta egon ziren eta Ligan Athleticen aurka jokatu ez zuten Daniel Carriço eta Franco 'Mudo' Vazquez hamaikakora itzuli daitezke. Jokatuko ez duena Maximilian Wöber da. Ajaxetik Sevillara joan den erdiko defentsak osasun-azterketak gainditu ditu jada, baina kontratuko kontu batzuk ixtea falta zaio jokatzen hasteko.
Ustezko hamaikakoak:
Sevilla: Juan Soriano; Promes, Mercado, Carriço, Sergi Gomez, Alix Vidal; Roque Mesa, Amadou, Franco Vazquez; Ben Yedder eta Munir.
Athletic: Unai Simon; De Marcos, Unai Nuñez, Nolaskoain, Balenziaga; Iturraspe, San Jose, Ibai Gomez, Susaeta; Unai Lopez; eta Guruzeta.
Epailea: Jose Luis Gonzalez Gonzalez.
Zelaia: Ramon Sanchez Pizjuan.
Ordua: 20:30.