Urtarrilaren 30ean
Athleticeko neskek San Mamesen jokatuko dute Kopako final-laurdenetako partida
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Katedralean jokatuko duten hamahirugarren partida izango da, lehenengoan, 2002/03 denboraldian, Puebla 5-1 menderatu zutenetik.
Emakumezkoen lehen taldeak San Mamesen jokatuko du Kopako final-laurdenetako partida datorren asteazkenean, 19:00etan. Partida bakarrean erabakiko da kanporaketa, eta Atletico Madril ahalguztiduna izango du aurkari. Madrildarrak Iberdrola Ligako neguko txapeldunak dira, eta egun Lehen Mailako talderik indartsuenetakoa dela erakutsi du.
Ahalik eta babesik handiena izateko jokatuko dute Katedralean, eta zaleen oihuen oihartzuna lau haizeetara zabal dadin.
Katedralean jokatuko duten hamahirugarren partida izango da honakoa, 2002/03 denboraldian bertan lehen aldiz aritu zirenetik. Puebla izan zuten aurkari orduan, eta 5-1eko emaitzarekin nagusitu ziren etxekoak. Ondoren, Hispalis menderatu zuen San Mamesen, 5-0, eta garaipen horrek lehen Superkopa eman zion Athletici.